Neskak hobeto egokitu dira

Euskadiko haurrek ongizate maila ertaina izan dute konfinamenduan

12.10.2020 | 17:18
Inkestan parte hartu duten haurren marrazki batzuk.

BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek konfinamendu garaian Euskal Autonomia Erkidegoko 2 eta 14 urte bitarteko haurren ongizate maila aztertu egin du. Naiara Berasategi, María Dosil, Amaia Eiguren, Nahia Idoiaga, Naiara Ozamiz eta Maitane Picazak osatutako taldeak ondorioztatu egin du haurrek ongizate maila ertaina izan dutela konfinamenduan, eta neskak mutilak baino hobeto egokitu direla egoera horretara. Horrez gain, adin txikikoenek 12-14 urteko gazteek baino gutxiago sufritu dute. Bilboko Hezkuntza Fakultateko diziplinarteko talde horrek konfinamenduan haurren ongizatea neurtzeko tresna bat sortu eta baliozkotu du.

Ikerketak –Frontiers in Psychology (Q1) aldizkarian argitaratu berri da– Euskal Autonomia Erkidegoko haurrek konfinamendu garaian izan zuten ongizatea osotasunean neurtzea zuen helburu. Horretarako, 26 item erabili ziren ikerlanean, adingabe horiek aste horietan izandako bizi-alderdi guztiak biltzen zituzten 6 dimentsiotan banatuta: emozioak, jolasak, sormenezko jarduera, akademikoa, mendekotasunak (teknologikoak, janariarekin lotutakoak...), errutinak eta jarduera fisikoa. Ikerketaren ondorioz, eraginkortasun egiaztatuko tresna hau lortu da.

Taldeko kide Naiara Berasategik azaldu duenez, "konfinamendu egoeran haurren ongizatea modu holistikoan neurtzeko tresna egokia da hau eta, etorkizunean berriro berdin bagaude, txikienek horren kalteak sufritu baino lehen, aurrea hartzen eta irtenbideak proposatzen lagundu diezaguke".

NESKEK, EGOKITZEKO GAITASUN HANDIAGOA

Ikerketako ondorio nagusietako bat da, oro har, haurrek ongizate maila ertaina izan dutela konfinamenduan. Era berean, nabarmentzen denez, errutinarekin lotutako alderdiek izan dituzte emaitza onenak; itxialdi egoerak gehien kaltetutakoak, berriz, jarduera fisikoak, sormenezkoak eta ludikoak izan dira. Bestetik, emozioen alderdian, auzi akademikoetan eta mendekotasunen kasuan (gozokiak jatea, bideo-kontsolekin jolastea, tabletak erabiltzea...), ongizate maila ertaina izan zen.

Ikerketak erakutsi duenez, halaber, sexuaren arabera aldeak egon dira etxeko itxialdian izandako ongizatean. Hala, garai horretan, neskek egoerara moldatzeko gaitasun handiagoa izan dute mutilek baino eta, era berean, adierazpen emozional positiboagoa izan dute; gertaera hori ez da berria, aurretiko ikerketak berresten ditu.

Etxean egon diren bitartean egin dituzten jarduerak zein diren ikusita ondorioztatu daiteke hori: "Gure azterlaneko neskek jarduera fisiko gehiago egin dute eta sormenezko jardueretan nahiz ludikoetan parte hartu dute –ziurtatu du Nahia Idoiagak, Bilboko Hezkuntza Fakultateko talde horretako kideak–. Horrek erakusten du konfinamendura egokitzeko gaitasun handiagoa eduki dutela, orokorrean".

Beste alde batetik, azterlanean antzeman denez, neska-mutil adingabeak inkestan parte hartu duten pertsona helduak baino hobeto egokitu dira itxialdi egoerara.

Azkenik, ikerlanak egiaztatu duenez, etxean kanpora ateratzeko toki bat edukitzea adingabeen ongizaterako faktore garrantzitsua da.

Azterlana joan den martxotik apirilera bitartean egin zen, Euskal Autonomia Erkidegoko 1.046 haurren artean; horietatik % 48,7 mutilak ziren, % 50,3, berriz, neskak. Haien gurasoek erantzun zituzten inkestak.