BILBO. Haur eta gazteen transexualitatea ikusarazteko helburua du Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle den Aingeru Mayorrek argitaratu berri duen 'Tránsitos. Comprender la transexualidad infantil y juvenil a través de los relatos de madres y padres' liburuak. Lan honetan haur eta gazte transexualen gurasoen 25 benetako istorio biltzen dira.

«Duela oso urte gutxi arte existitzen zirenik ere ez genekien haur eta gazte horien prozesurako hurbilpen etnografiko bat da; haien gurasoak, prozesua lehenengo pertsonan bizi izan duten informatzaile pribilegiatuak, oinarritzat hartuta egindako hurbilpena, hain zuzen. Argitaratu aurretik, kontakizunak xeheki landu dira: horien idazketa findu eta orraztu egin da, ahalik eta gutxien aldatuta eta kontatutakoaren edukiari eutsiz, amaierako testua kalitate literario handikoa izan dadin», azaldu du Aingeru Mayor irakasleak.

Liburuaren bigarren zatian, idazleak kontakizunetatik atera daitekeen informazioaren azterketa zehatz bat egin du. «Horretarako, testuak kategoriatan banatu dira, kategoriak eta azpikategoriak identifikatuta. Testuetako zati esanguratsuak horien bidez etiketatu eta etiketatutako zatiak kategoriatan bildu dira; azkenik, bildu eta ordenatutako zatietatik abiatuz, horiek aztertu dira. Azterketa horri esker, errealitate horren ezagutza egituratu bat eraikitzen has daiteke».

Egileak, liburuaren hirugarren zatian, haur eta gazteen transexualitateari buruz ikertu eta hitz egiten jarraitzera bultzatzen duten hainbat gogoeta eta ondorio jaso ditu.

«Liburu hau irakurtzea oso interesgarria izango da errealitate hori ulertu nahi duten hainbat arlotako profesionalentzat eta ikertzaileentzat (psikologian, hezkuntzan, osasunean eta antropologian dihardutenentzat, besteak beste). Gainera, etxekoei lagundu ahal izateko bertan zer gertatzen ari den ulertu nahi duten gurasoentzat balio izugarriko tresna izan daiteke. Era berean, zirraraz eta sentimenduz betetako kontakizun sorta batean murgildu nahi duenarentzat irakurgai erakargarria da», azpimarratu du Aingeru Mayorrek.

Tránsitos liburuak «ikerlan aitzindari baten fruitua» eskaintzen du, lengoaia argi eta errazean, eta horregatik, «haur eta gazteen transexualitatearen ezagutza eta ulermenaren dibulgazioaren arloan mugarri da».