Datorren seihilekoan

Nekane Balluerka G-9 taldeko presidentea izango da

18.09.2020 | 15:20
Nekane Balluerka telebileran G9ko beste unibertsitateetako errektoreekin.

BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Nekane Balluerka unibertsitateen G-9 taldeko presidentea izango da hurrengo sei hilabeteetan, Hori bai, kargua unibertsitateari dagokio eta sei hilabetero aldatu egiten da.

«Unibertsitateen G-9 taldearen lana guztiz finkatua dago –adierazi du Balluerka errektoreak, elkarteko presidentetza hartzean emandako hitzaldian–, eta horren adierazle dira taldeko unibertsitateek konfinamendu-garaian lankidetzan egindako lanak. Orain, hiru arlotan lanean jarraitzea dagokigu: batetik, Estatuaren erakunde eta araudietan eragiten jarraituko dugu; horrez gain, aurrera jarraituko dugu hainbat arlo sektorialetako unibertsitate arteko lankidetzarekin eta orain, gainera, berariaz, lankidetzarako formula berriak bilatu beharko ditugu pandemiak unibertsitate-munduan eragindako testuinguru zail honetan. Unibertsitateen G-9 taldeak gure erakundeei eta unibertsitate-sistema guztiari zerbitzu handi bat ematen jarraituko du, ez dut dudarik egiten».

KOORDINAZIOA PANDEMIAN

Unibertsitateen G-9 taldeak etengabe koordinatuta jardun du 2019-2020ko ikasturte zailean. Kideek informazioa eta neurriak eman zizkioten elkarri, eta elkarri laguntzeko mekanismo berritzaile bat ezarri zuten, beren bizitokitik ikasten ari ziren autonomia-erkidegora joan ezin zitezkeen ikasleei laguntzeko. Mekanismo horretan sartu ziren taldetik kanpoko unibertsitate batzuk ere, hala nola Burgoskoa, Valladolidekoa eta Coruñakoa. Unibertsitateen G-9 taldeko errektoreen Batzar Orokorrak eskerrak eman nahi dizkie unibertsitateko kide guztiei egindako lanagatik, lortu dutelako, ezohiko egoera zail batean, ikasturtea behar bezala amaitzea, bai irakaskuntzaren arloan, bai ikerkuntzarenean.

2020-2021 IKASTURTEAREN HASIERA

Aurreko ikasturtearen ildo berean, G-9 taldeko unibertsitateek koordinazio-lan izugarria egin dute 2020-2021eko ikasturte hasieraren aurretik. Unibertsitate bakoitzak hartutako neurriak desberdinak izan dira, bakoitzaren ezaugarriak eta inguruabarrak ere desberdinak diren heinean, baina informazio-trukea erraza izan da ikaskuntza-ariketa kolektibo honetan. Unibertsitateen G-9 taldeak unibertsitate-zerbitzu publikoaren kalitatea indartzearen aldeko konpromisoari eusten dio. Horrek zenbait ondorio dakartza: irakaskuntzan, ahalik eta eskola gehien eman nahi dira aurrez aurre, segurtasun sanitarioa mantenduta; ikerkuntzan, berriz, esfortzuak areagotuko dira, covidaren krisiak agerian utzi baitu ikerkuntza eta, ondorioz, unibertsitate publikoa ezinbestekoak direla gizartearen ongizaterako.

BOTERE PUBLIKOENTZAKO DEIA

G-9 taldeko errektoreen batzarrak administrazio publikoek krisia kudeatzean erakutsitako joera kezkagarri bati buruz ohartarazi nahi du. Ez da argi utzi nola banatuko den hezkuntzarako covid funtsa, unibertsitateei dagokienez. Horren ondorioz, beldur gara ezen, beste behin ere, ez ote diren unibertsitateko prestakuntza eta ikerketa baztertuko, ustez premiazkoagoak omen diren beste behar batzuei aurre egiteko.

Herrialdeak ezin ditu berriz errepikatu iraganeko akatsak, zehazki, aurreko krisi ekonomikoaren kudeaketan egindakoak. Krisi-garaietan ere unibertsitate-sistema publikoak hobetzen dituzten estatuak baino ez dira indartuta ateratzen, sistema horietan jaiotzen baitira eredu ekonomiko jasangarriago eta sozialki bidezkoagoak. Egitate enpiriko bat da hori, eta gure klase politikoak ez luke ahaztu behar.

UNIBERTSITATEEN G-9 TALDEA

Unibertsitateen G-9 taldea beren autonomia erkidegoan bakarrak diren unibertsitateek osatutako elkarte bat da. Hauek dira unibertsitate horiek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.

G-9 Taldeko unibertsitateek 170.000 ikasle, 19.340 irakasle-ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako 8.160 langile dituzte.