BILBO. Gaur eguerdian, hilak 28, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek ezohiko ikasturte hasierarako abian jarriko diren neurriak azaldu ditu prentsaurreko batean. Bertan, Euskal Autonomia Erkidego osoan ikasturte hasiera era mailakatuan egingo dela iragarri du.

Hezkuntza eta Osasun Sailek aztertu eta definitu dituzten neurriak Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak (LABI) gaur goizean Lehendakaritzan egindako bileran azaldu dira, eta hezkuntza-eragileei eta ikastetxeei bidali zaizkie.

Pandemiaren bilakaeraren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak eguneratu egin behar izan ditu "Ikastetxeetan koronabirusaren aurrean jarduteko Protokolo Orokorra. (2020-2021 ikasturtea)" dokumentuan jasotako zenbait jarduera eta neurri. Protokolo hori ikastetxeei eta hezkuntza-komunitateari bidali zitzaien ekainaren amaieran, eta, handik gutxira, "Lan-arriskuen prebentziorako neurriak EAEko

ikastetxeetan, covid-19ren eraginpean egoteko arriskuari aurre egiteko". Eusko Jaurlaritzak orain hartu dituen neurriek dokumentu horietako eduki batzuk eguneratzen dituzte, hezkuntza-etapak eskolara hasteko datak zehazteaz gain, eta ikastetxeentzako errefortzuak ere identifikatuz.

HASTEKO DATAK

Aurtengo ikasturtearen hasierarako onartutako eskola-egutegiak irailaren 7tik aurrera izan behar zuen hasiera orokorra. Baina pandemiaren bilakaerak geletarako itzulera mailakatua izatea gomendatzen du. Horrela, egutegia honela geratzen da ezarrita:

  • Haur eta Lehen Hezkuntza eta DBH 1 eta 2: ikasturte hasiera irailaren 7tik aurrera (ikastetxe bakoitzak aurrez ezarria zuen egutegiaren arabera).
  • DBH 3 eta 4, eta Batxilergoa: ikasturte hasiera irailaren 15ean.

Lanbide Heziketari dagokionez, tailerrak eta lantokietako praktikak antolatu beharra dela-eta, ikasleak irailean zehar bueltatuko dira, honako egun hauetan hasita:

Goi-mailako Lanbide Heziketa

  • Lehenengo maila: irailak 14
  • Bigarren maila: irailak 16

Erdi-mailako Lanbide Heziketa

  • Lehenengo maila: irailak 21
  • Bigarren maila: irailak 23

Oinarrizko Lanbide Heziketa

Lanbide Heziketako ikastetxeetan ematen bada:

  • Lehenengo maila: irailak 28
  • Bigarren maila: irailak 30

Udalen zentroetan ematen bada:

  • Lehenengo maila: irailak 14
  • Bigarren maila: irailak 16