Formula Student Bizkaia

FSBizkaiak seigarren postua lortu du Silverstonen birtualean

14.08.2020 | 20:18
FSBizkaia taldea bere Top 10a ospatzen.

BILBO. Formula Student Bizkaiak Silverstonen aurten modu birtualean egin den lehiaketan parte hartu duten 85 taldeen artean seigarren lekua lortu du. Horrez gain, FSBizkaia taldeko 66 ikasleek amaitu dute hurrengo edizioko ibilgailuaren 3D diseinua eta modelatzea; teknologiaren ikuspegitik orain arte egin den anbizio handienekoa izango da, eta ikasleak ikasgeletara itzultzean fabrikatu ahal izango da.

Formula Student United Kingdom izenekoaren aurtengo edizioa orain arte egin direnen artean atipikoena izateagatik gogoratuko da, baina baita Bilboko Ingeniaritza Eskolako taldea lehiaketako 'top 10'-ean sendotu delako ere, plaza bakarreko ibilgailu onenetako bati eta pandemiak eragindako egoera txarretan lan egiteko antolaketarako eta aurreikuspenerako erakutsi duen gaitasunari esker. Aurtengo taldea osatzen duten 66 ikasleek seigarren postua lortu dute mundu osoko 85 unibertsitatek parte hartu duten proba birtualaren sailkapen orokorrean; beraz, hitzordu ospetsu honen hurrengo ediziorako gonbidapena ziurtatu dute.

Horrela, Eskolako taldeak bigarren urtez jarraian lortu du Top 10ean sailkatzea, aurreko urteko posizioa ere hobetuz. Proba partikular estatikoetan Design-ean lortutako 4. postua nabarmendu behar da. FSB2019 arrakastatsuaren oinordekoa den FSB2020aren diseinuak epaileen laudorioak jaso zituen, diseinu eraginkorra eta mantentzeko erraza delako, eta FSBizkaiak azken hirurteko honetan garatu dituen bi motorretan oinarritutako teknologiari ahalik eta etekin handiena ateratzea ahalbidetzen duelako. Cost & Manufacturing-en 7. postua lortu dute, lantaldeak fabrikazio-prozesuei eta horien kostuari buruz duen ezagutza eta ibilgailuaren bizi-zikloan jasangarritasunaren aurrean duen konpromisoa erakutsiz; 6. postua azelerazio birtualean eta 5. postua Skid-Pad izenekoan. Azken horretan oinarrizko ibilgailu berarekin lan egin behar zen lehiaketarako lizentziatutako doitasun handiko behikulazio-dinamikako simulagailu batean.

Asier Zubizarreta Eskolako irakasle eta proiektuaren tutoreetako batek adierazi duenez, "pandemia dela eta 2020ko denboraldia oso atipikoa izan den arren, taldeak bere egokitzeko gaitasuna eta prestakuntzarekin duen konpromisoa erakusten jarraitu du, talentua sortzeko eta parte-hartzaileak prestatzeko. Formula Student bezalako nazioarteko lehiaketa batean lortutako emaitzek FSBizkaiaren goranzko ibilbidea finkatuta dagoela erakusten dute".

FSB2021, ANBIZIORIK HANDIENA DUEN IBILGAILUA

Covid-19ak proba bera eta FSBizkaiaren lan egiteko modua aldatu ditu. Bizkaiko taldeak arlo horretan egindako ahalegina bereziki aipagarria izan da; izan ere, plaza bakarreko aurtengo ibilgailuan (FSB2020) lan egiteaz gain, datorren ikasturteko plaza bakarreko ibilgailuaren diseinu eta eredu birtuala ere osatu du. Horrela, FSB2021, taldeak berak diseinatutako gurpil motako motor batean oinarritutako kontzeptu berriari esker FSBizkaiaren historian teknologiaren ikuspegitik anbizio handiena izan duen ibilgailua, irailetik aurrera, Eskolara itzultzean, fabrikatzen hasteko prest egongo da.

Ikasle taldeak lau 'faculty advisor'-en, Eskolako Charles Pinto, Asier Zubizarreta, Javier Corral eta Mikel Díez irakasleen, gainbegiradapean egiten du lan. Autoa diseinatu eta egiteko 200.000 euroko aurrekontua izan dute eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, AIC-Automotive Intelligence Center, Batz Group, Ingemat, Sener, Tecnalia, Davines Confort-Zone, Inarak, Alunid, Ente Vasco de la Energía, Irizar, iMedusa, Danobat edo Dassault-Systemes eta Ingeniaritza Eskola bera izan dira babesle nagusiak, baita 40 enpresa laguntzaile eta hemengo 15 lanbide eskola ere.