BILBO. Mundu osoan zehar euskara ikasten ari diren hainbat ikaslek lehenengo online barnetegian parte hartu ahal izan dute. Aurten Bai egitasmoak antolatu egin du pasa den astean estreinatutako ekintza.

Bi astez luzatuko den barnetegi honek mundu osoko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura ikasten ari diren ikasleak bildu ditu: Japonia, Argentina, Finlandia, Polonia edota Ameriketako Estatu Batuak, besteak beste. Barnetegiaren egitarauak egunean hiru ordu hartzen ditu (lekuaren arabera ordutegia aldatzen delarik, denak batera konektatu ahal izateko), eta denbora horretan euskara eskolak, solasaldiak edota bideo-ikustaldiak egiten dituzte. Ikasleak bi taldetan banatu dituzte, A1 eta A2 mailakoak bereiziz. Asteburuan atsedena egin dute, gaur berriz egitarauari eusteko.

Zailtasunak zailtasun, eta benetako barnetegi batekin alderaezina dela jakinda, ikasleek nahiko ondo daramate esperientzia. Tokioko TUFS Unibertsitateko Anna Saito ikasleak dioenez, "nire unibertsitateko eskola guztiak ere online plataforman egiten direnez, ohituta nago", nahiz eta "batzuetan konexio faltak irudi eta bideoak ikustea zailtzen" duen. Barnetegiaren izaeraz galdetuta, La Platako Unibertsitatetik datorren Patricio Zabalak zera dio: "Ez naiz inoiz aurrez-aurreko barnetegi batean izan, baina suposatzen dut alde handia dagoela bataren eta bestearen artean; aurrez-aurrekoan hainbat gauza eraikitzen dira plataforma digital baten bidez sortu ezin direnak". Egoerari, ordea, alde ona ikusten dio Saitok: "Online plataformari esker, munduko edozein lekutatik hartu dezakegu parte eskoletan. Hori gustoko dut".

Hala eta guztiz ere, ekimen hau euskara maila hobetzeko oso lagungarri zaiela uste dute biek. Hiztegian, gramatikan, irakurmenean edota idazmenean asko ikasten ari dela dio Zabalak; baina, dudarik gabe, entzumena eta interakzioa dute biek gustokoen. "Bideoetan pertsonaiek azkar hitz egiten dute eta batzuetan zaila da ulertzea, baina bideoak barregarriak dira eta niretzat entzumen praktika ona da", dio Saitok. Zabalarentzat, ostera, irakaslearen hitzaldiak dira entzumena hobetzeko abagune: "Bere diskurtsoetan, egitura eta adierazpen aberats ugari eskaintzen ditu".

Aurten Bai barnetegiaz gain, tankerako beste egitasmo batek ere izan zuen hasiera pasa den asteburuan, Euskara Munduan programak antolatua eta 10 egun iraungo dituena.