UPV/EHUren ikerketa

Konfinamenduak eragin desberdina izan du unibertsitate-ikasleen artean

07.07.2020 | 09:45
Jon Irazusta, AgeingOn taldeko ikerlari nagusia, ikerketaren aurkezpenean.

BILBO. Argi dago konfinamenduak eragin zuzena izan duela ikastaro akademikoaren amaieran, eragozpen handiak ekarri baititu bai irakasleentzat, bai ikasleentzat. Hori dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologiako katedradun Jon Irazustak eta  Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Jarduera Fisikoko eta Kirol Zientzietako irakasle titular Ara Royok 'Unibertsitate-ikasleen jarduera fisikoa Covid-19ak eragindako itxialdian, eta osasunarekin duen lotura' izeneko ikerlana aurkeztu dute Kirol Kontseilu Gorenaren egoitzan. Euskal Herriko Unibertsitateko AgeingOn ikertaldeak gidatu du azterlana, eta Exernet Ariketa Fisikoaren Sarearen barruan gauzatu dute.

Ikerketak hiru funtsezko alderdi izan ditu: unibertsitate-ikasleen jarduera fisikoa deskribatzea konfinamenduaren aurretik eta ondoren; jarduera fisikoko ohiturak alderatzea gizonen eta emakumeen artean eta, azkenik, unibertsitate-ikasleek baliatutako motibazioak eta erremintak identifikatzea. Ikerlanean, Espainiako 16 unibertsitatetako 14.000 ikasle inguruk parte hartu dute.

Lan horretatik ateratako ondorioen arabera, nabarmen murriztu da ikasleek oinez ematen duten denbora: batez beste, % 84. Aldiz, ariketa bizia eta moderatua gehiago jaitsi da gizonetan emakumeetan baino (ariketa bizia, % 32 eta % 9, hurrenez hurren; moderatua, berriz, % 39 eta % 25). Bestalde, oso nabarmen ugaritu dira sedentarismo-orduak, batez ere aisialdian pantailak erabiltzearen ondorioz.

Itxialdian gehien ugaritu diren jarduera fisikoen artean, honako hauek ageri dira: indar-ariketak, pilatesa, yoga eta HIITa (intentsitate handiko tarteekiko entrenamendua). Igoera hori ere handiagoa izan da aztertutako unibertsitate-ikasle emakumezkoen artean. Halaber, emakumeek informazio eta tutorial gehiago bilatu dituzte sare sozialetan, eta adierazi dute konformeago zeudela konfinamenduko baldintzetan jarduera fisikoa etxean egitearekin. Gizonezkoen % 60k adierazi du ez zuela hainbeste gozatzen jarduera fisikoaz etxean. Horrexek azaltzen du gizonezkoek modalitate guztietan izandako beherakada, bereziki kolektibo horren kirol-praktikarekin loturik. Bi sexuetan ere, unibertsitate-ikasle gehienek adierazi dute jarduera fisikoren bat egin dutela, osasun-arrazoiak edo estresa kontrolatzea tarteko; horrek adierazten du Espainiako gazteak ari direla kontzientzia hartzen ariketa fisikoa erregularki egiteak osasunerako duen garrantziaz.

IKERKETA BAKARRA NAZIOARTEAN

"Azterlan hau nazioartean orain arte egin gabeko ikerlan bat da, bai ziurgabetasun-aldi honetan unibertsitate-ikasleek dituzten ezaugarri eta egoeragatik, bai konfinamenduaren baldintzak gogorragoak izan direlako Espainiako Estatuan munduko beste herrialde gehienetan baino, jarduera fisikoari dagokionez", adierazi du Jon Irazustak, AgeingOn taldeko ikerlari nagusiak eta UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Fisiologia Saileko katedradunak.

"Azterlanaren emaitzei esker, estrategiak diseinatu ahal izango ditugu, unibertsitate-ikasleak jarduera fisikoko ohituretara bueltatu ahal daitezen itxialdiaren ondoren. Hala, neurriak hartu ahal izango dira etorkizunean antzeko egoerak gertatuz gero, eta aldi horretan izandako efektu kaltegarriak arindu ahalko dira", azaldu du Jon Irazustak.

Ariketa Fisikoaren eta Osasunaren Sareak (EXERNET) jarduera fisikoko eta osasuneko Espainiako ikertaldeak biltzen ditu, eta herritar-talde berezietan koordinatu, harmonizatu eta zabaldu nahi du ikerketa. Sarean bildutako goi-mailako hamasei ikastegik parte hartu dute ikerlanean: Euskal Herriko Unibertsitatea, Cadizeko Unibertsitatea, Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Granadako Unibertsitatea, Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitatea, Leongo Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Sevillako Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitatea, Zaragozako Unibertsitatea, Castellóko Jaume I.a Unibertsitatea, Miguel Hernández Unibertsitatea eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa.