Euskara sustatzeko 1,9 milioi euro inbertituko dituzte Iparraldean

Jaurlaritzak eta EEPk elkarlanean jarraitzen dute euren hitzarmen-markoarekin bat eginez

04.07.2020 | 00:17
Miren Dobaran eta Beñat Arrabit, atzo, Baionan eskainitako prentsaurrekoan.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) ia 2 milioi euro bideratuko dituzte Iparraldean euskara sustatzeko proiektuetara, biek adostutako lan-hitzarmenarekin bat eginez. Hala iragarri zuten erakundeetako ordezkariek (Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Beñat Arrabit EEPko presidenteak) atzo Baionan egindako prentsaurreko batean, dirulaguntza horren xehetasunak azaleratuz. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro inbertituko ditu funts komun honetarako, eta EEPk, 1.530.000 euro. Modu horretan, euskarazko irakaskuntza, euskaltegien lana, euskarazko hedabideak eta euskarari lotutako aisialdiko proiektuak bultzatzeko ahalegina egingo dute.

Gauzak horrela, elkarlanerako funtsak, orotara 1.930.000 euroko balioa duenak, bi atal ditu: alde batetik, 1.798.500€ ezarri dira Ipar Euskal Herriko eragile jakin batzuei laguntza emateko; horien artean, euskarazko irakaskuntzan lan egiten dutenek 496.000 euro jasoko dituzte, Seaskak 405.000 euro, AEK-k 520.000 euro jasoko ditu, eta, bestelako proiektuentzat 355.000 euro bideratuko dira. Bestetik, 131.500 euro ezarri dira eragile pribatuek aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko, deialdi baten bidez.

Pasa den urteko banaketarekin alderatuz gero, diru kopuruak gora egin du (223.500 euro gehiago), orain arte deialdiaren bidez laguntza jasotzen zuten hainbat eragile lehen multzora mugitu egin direlako. Guztira sei eragile izango dira, bost hedabide eta hezkuntzaren arloko eragile bat: Aldudarrak Bideo (web-telebista), Herria (paperezko astekaria), Euskal Komunikabideak (Iparraldeko Hitza paperezko astekaria), Iparla Baigura komunikazioa (kazeta.eus web kazetaren-tzat), Errobi Promotions (web irrati elebiduna) eta Udako Euskal Unibertsitatea.

Atzo aurkeztutako akordioa, 2017-2022 aldirako Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak sinatutako hitzarmen-markoaren barruan dago, 2007tik gaurdaino bi erakundeen arteko lankidetzen artean adostutako azkenekoa. Hitzarmen horri jarraituz, urtero zehazten dira kontuan hartu beharrezko irizpide eta xehetasunak laguntzak banatzerako orduan. Halaber, uztailean jakinarazi ohi da nola banatuko den funts komuna.

Hori bai, aurtengo ekitaldiaren funtzionamendua aldez aurretik adostu zen, martxoaren 31an. Gainera, aipatutako akordioarkein batera, modu osagarrian, 2017an Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak Hiruko Ituna sinatu zuten, hizkun-tza-politikaren arloko lankidetza bultzatzeko hitzarmena.

Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Iparraldean euskara bultzatzeko garrantzia azpimarratzeaz gainera, covid-19ak izandako eta izan dezakeen eraginaz hitz egin zuen atzoko bilkuran: "Lankidetza honi dagokionez ere, aldaketak ekarriko ditu: bide eta erronka berriei egin beharko diegu aurre elkarrekin. Euskara biziberri-tzeko lanek atzerapausorik jasan ez dezaten, inoiz baino garrantzitsuago da erakundeen arteko elkarlana, eraginkortasunez ekiteko egoera zail honen aurrean". Zentzu horretan, Internetek, sareak edota ingurune digitalak euskarari eskaini diezaioketen espazioa ere gogoratu zituen sailburuak, "beharrezko baliabideak eta urratu beharreko bideak" aintsatetsiz.

Labur

1,9 milioi euro. Horixe izango da Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) Iparraldean euskara sustatzeko proiektuetara bideratutako duten diru kopurua, iaz baino 223.500 euro gehiago. Alde batetik, EJ-k, 400.000 euro inbertituko ditu funts komun honetarako, eta, EEPk, bestetik, 1,5 milioi euro. Modu horretan, euskarazko irakaskuntza, euskaltegiak, euskarazko hedabideak eta euskarazko aisialdiko proiektuak bultzatzeko ahalegina egingo dute. Akordioa bi erakundeek 2017-2022 aldirako sinatutako hi-tzarmenaren barruan dago.

noticias de deia