DONOSTIA. Donostiak hiriko bizikleten alokairurako Dbizi sistema eraberrituko duela ezaguarazi du. Pasa den asteartean, ekainak 30, jakitera eman zuen bizikleta mekanikoak eta elektrikoak edukiko dituela sistema berriak. Aurreikusita dago azaroan erabilgarri egotea bai bizikletak eta bai geltokiak. Kontratu berriak 8 urteko iraupena edukiko du.

SISTEMA BERRIAREN EZAUGARRIAK

Sistema berriak izango dituen hobekuntzak bizikletetan:

  • Bizikleta mekaniko arinak.
  • Kalitate handiko bizikleta elektrikoak.
  • Bandalismoaren aurkako lohi babesa, bi pertsona eraman ezin izateko.
  • Aulki zuloduna, aulkian urik ez metatzeko.

Geltokiei dagokienez ere hobekuntzak izango dituzte:

  • Ez du obra zibilik eskatzen geltoki mekanikoen eta elektrikoen hasierako instalaziorako.
  • Energia berriztagarrien erabilera jasotzen du.
  • Ainguraketa sistema nabarmen hobea da aurreko sistemarekin alderatuta.
  • Elementu teknologikoak fisikoki geltokian daude eta ez bizikletan.
  • Geltokiak mistoak izango dira, bizikleta mekaniko zein elektrikoentzat.
  • Ainguraketa duten geltokiak, euren kopurua handitzeko.

Hobekuntza hauez gain, bi geltoki birtual izango dira, hau da, puntu espezifikoetan, nahiz eta geltokirik ez izan, bertan bizikletak utzi ahal izateko. Ekitaldietarako ere planteatzen dira geltoki birtualak, eta geltoki horietan sistemaren langileak egongo lirateke beren kudeaketarako.

ORDUTEGI ZABALAGOA

Sistema berriak izango duen beste hobekuntzetako bat, ordutegiaren handitzea izango da. Gauzak horrela, hau izango litzateke izango lukeen ordutegia: astelehenetik ostiralera, 6:00etatik 0:00etara eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 24 orduko funtzionamendua.

Erabiltzaileentzako arreta zerbitzuari dagokionez, sistemak arreta zerbitzu presentziala edukiko du hiriaren erdialdean. Era berean, Call Centerren ordutegia zabalagoa izango da, zehazki 6:00etatik 00:00etara urteko egun guztietan. Gainera, sistemak app eta webaren bitartez funtzionatuko du.