BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko graduko ikasleak diren Alba Monasterio eta Eneko Serranok koronabirusari aurre egiteko karta joko berria sortu dute. "Koronabirusaren bilakaera molekularra" du izena, eta gaixotasuna ezagutarazi, horren transmisioa eta hilgarritasuna azaldu, babesteko modu onenak adierazi eta dibulgazio zientifikoari, ikerketari eta osasun-sistemari balioa ematen dio.

Bi ikasleek Molecular Evolution ikasgaiaren barruan sortu dute karta jokoa. Eduki teorikoaz gain, Itziar Alkorta Calvo Biokimika eta Biologia Molekularreko Saileko irakasleak ematen duen ikasgaiaren helburuetako bat da ikasleek zientzia komunikazioko ahozko eta idatzizko trebetasunak garatzea.

Irakasleak proposatutako gaietarik bat zen koronabirusen bilakaera molekularra. Alba Mosteiro Couso eta Eneko Serrano García ikasleei berehala piztu zitzaien grina hain puri-purian dagoen gai bati buruz bilakaera molekularraren ikuspegitik ekiteko.

Hala, birus mota horri buruzko informazio beharrezkoaren bila hasi ziren, eta informazioa zein euskarritan erabili pentsatzeari ekin zioten. Hasieran, webgune bat sortzeko asmoa zuten, baina berehala baztertu zuten, zer edo zer berritzaile eta deigarriagoa egin nahi zutenez. "Orduan, Enekok jokoaren ideia proposatu zuen. Ordutik, buruari eragin eta eragin aritu ginen, informazio guztia joko dibertigarri eta aldi berean hezigarri nola bihurtu; jokalariak ikerketa zentroen eta sistema sanitarioaren garrantziaz jabetzea nahi genuen", azaldu du Alba Mosteiro ikasleak.

Eneko Serranok jokoaren dinamika erraza dela azaldu du: "Birus mota horren hedapena gerarazteko neurriei buruz kontzientziatzea da helburua, eta historian zehar agertu diren anduien gaineko informazioa ematea; izan ere, Covid-19a orain arte izan diren hainbat agerralditako bat bakarrik da".

EZAGUTZAREN TRANSMISIOA

Formatua dela eta, hau da, mahai jokoa, ezagutzaren transmisioa modu entretenigarrian egiten da, bai ikasleentzat, bizitzako beste egoera batzuetan erabiltzen dituzten tresnak dituztelako adierazpide, bai amaierako produktuaren hartzaileentzat: irakasleak, ikasleak, gelakideak eta, oro har, herritarrak.

Dibulgazio jarduera horiekin, Itziar Alkorta irakasleak ikasleek gai jakin bat guztiz ulertu arte ikastea lortu nahi du. "Gai dira, ideia nagusiak atera, eta berez konplexua dena (ikasi duten hori) era errazean azaltzeko, baina zehaztasun zientifikorik galdu gabe".

Alkortaren iritzian, dibulgazio zientifikoa da zientzialarien betebeharretako bat, euren lanari balioa ematen diolako gizartearen aurrean, eta "herritarrei behar dituzten tresnak eskaintzen dizkielako erabaki asko eta garrantzitsuak hartzeari begira".

Albak eta Enekok, halaber, dibulgazio zientifikoaren garrantzia nabarmendu dute, eta zientzia "irakaskuntza esparrutik kanpo ere" sustatzearen alde daude; esaterako, telebistan, "dibulgazioa sustatzeko telesaioekin", edo zientzia museoetan, aurrerapen zientifiko nagusiak erakusteko herritarrei.

"Zientziaren museo bat, objektuak erakutsi bakarrik egingo ez duena, baizik eta erabat interaktiboa izango dena, eta aukera emango duena modu didaktiko eta dibertigarrian ikasteko; beharbada, pieza hori falta du gaur egun dibulgazio zientifikoak", zehaztu du Enekok. "Nire bizitzako ametsetako bat da", esan du.

SISTEMA PUBLIKOA INDARTU

Albak eta Enekok ideia nagusi bat nahi dute argi utzi: gizarteak "ez du ahaztu behar" itxialdian aldarrikatu izan den guztia. "Ezertarako ez dira izango zortzietako txaloak, hau guztia amaitzean osasun arloko langileen baldintzak hobetzen ez badira, edo ikertzaileen lan eta ikerketa orduak ez badira behar adina ordaintzen, gutxienik, hitzarmen duin eta bidezkoekin. Hau da, alferrik izango da orain arteko guztia, sistema publikoa ez bada nabarmen sendotzen arlootan", adierazi dute.