BILBO. Koronabirusak eragindako egoera berezia dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak graduetan aurretiko izena emateko epe berri bat ireki du, ekainaren 15etik uztailaren 21era arte. Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Batxilergoa edo Goi Mailako Heziketa Ziklo bat ikasturte honetan egin ez dutenentzat dago bideratuta.

Sarrera-eskaria egin behar da web bidez (https://www.ehu.eus/eu/web/sarrera-acceso) eta dokumentazioa ere bidali behar da ezarritako epean, hau da, uztailaren 21a baino lehen. Ikasle bakoitzak zortzi aukera jarri ahal ditu, eta oso garrantzitsua da aukera horiek beren lehentasunen arabera ordenatzea, ordena hori ezin izango baita aldatu..

Otsailaren 7tik apirilaren 21era arteko epean izena eman zuen Batxilergoko ikasleek halabeharrez berretsi behar izango dute uztailaren 14tik 21era.

UPV/EHUk datorren ikasturtean graduko 82 titulu eskainiko ditu, baina 102 titulazio dira guztira, aldi berean hainbat campusetan ematen direnak kontuan hartuz gero. Sei titulazio berri jarriko dira martxan: Adimen Artifizialeko Gradua, Haur Hezkuntzako Gradu hirueleduna, eta honako gradu bikoitzak: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Ekonomia (Double Bachelor 's degree in Business and Economics), Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia; Ikus-entzunezko Komunikazioa + Kazetaritza; eta Kazetaritza + Publizitatea eta Harreman Publikoak. Hortaz, 12 dira guztira UPV/EHUko gradu bikoitzak eta 15era heldu dira prestakuntza duala eskaintzen duten graduak. Eskaintza osoa hemen kontsultatu ahal da: https://www.ehu.eus/eu/web/estudiosdegrado-gradukoikasketak/grados-actual.