BILBO. Beste urte batez, aurten ere Euskal Herriko Unibertsitateak unibertsitatera sartzeko 25 eta 45 urtetik gorakoentzako probak hasi ditu. Azterketak pasa den ostiralean hasi ziren, ekainaren 12an, goizeko 9:00etan. Hori bai, koronabirusak eragindako egoera berezi honetan, segurtasun-neurri zorrotzak bete behar izan dira. Azterketak Euskal Herriko Unibertsitateko hiru egoitz hauetan egin ziren: Gasteizko Farmazia Fakultatean, Bilboko Ingeniaritza Eskolan eta Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean.

Oraingoan, 234 pertsonak eman dute izena azterketan (25 urtetik gorako 180k eta 45 urtetik gorako 54k). Horietako 40 Arabako Campusari dagozkio, 117 Bizkaiko Campusari eta 77 Gipuzkoako Campusari.

Unibertsitateak behar diren neurriak hartu ditu proba egingo duten guztien segurtasuna bermatzeko, alegia, epaimahaikideena eta ikasleena, Euskal Herriko Unibertsitateak koronabirusa dela-eta ezarritako prebentzio neurrien protokoloari jarraikiz.

25 urtetik gorakoei dagokienez, unibertsitatera sartzeko probak bi zati izango ditu; orokorra eta espezifikoa, zenbait arlotako ariketekin. Bestalde, 45 urtetik gorakoen kasuan, lehen zatian, unibertsitate ikasketak arrakastaz egiteko ikaslegaien heldutasuna eta egokitasuna aztertuko dira, baita arrazoibide eta adierazpen ahalmenak ere, zenbait arlotako hiru ariketarekin. Bigarren fasean, elkarrizketa pertsonala egingo zaie, ikasketa jakin batzuetan sartzeko gaitasunak eta ezagutzak aztertze aldera.

Esteka honetan daude proben egutegia eta ordutegia: 25 eta 45 urtetik gorakoentzako sarrera probaren egutegia.