- Igerileku puzgarrien eta aurrefabrikatuen salmenta gora egiten ari da Espainian deskonfinamenduarekin eta udaren etorrerarekin bat. Dena den, askok halakoak terraza, balkoi eta teilatupeetan jartzeak ekar ditzakeen arazoak baztertzen dituzte. Hori ikusita, Espainiako Finka Administratzaileen Elkargoen Kontseilu Nagusiak, Espainiako Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Gorenak eta Espainiako Arkitektura Teknikoaren Kontseilu Nagusiak jendea kontzientzatzeko ohar bateratu bat argitaratu dute.

Bertan, igerileku bat erosi aurretik arkitekto edo arkitekto tekniko batekin harremanetan jartzeko gomendioa egiten zaie erabiltzaileei abiapuntu gisa, euren terrazetako egiturak jasan dezakeen pisua egiaztatzeko. Modu horretan, igerilekua jartzea bideragarria den eta zenbat ur sar daitekeen jakingo da. Hasiera batean gehiegizko pisuak jasateko aurreikusita ez zegoen estalki batek 100 eta 200 kilo artean jasan ditzake metro koadroko, hots, 10-20 zentimetroko garaierako ur-xafla bat.

Laureano Matas Espainiako Arkitektoen Elkargoko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, "profesional baten ikuskapenik gabe eta instalazioaren bideragarritasuna egiaztatu gabe, eraikinen egiturak kaltetuta gera daitezke, eta, kasurik okerrenean, pertsonen segurtasuna arriskuan egon daiteke". Adituen aholkuak kontuan hartuz gero, arriskuak saihesteaz gainera, zenbait kasutan egitura erraz indartu daitekeela berretsi du Matasek.

Teilatuan igerilekua jartzeko intentzioa dutenen kasuan, jabeen komunitateari komunikatu behar diote hasiera-hasieratik, dagokion txosten teknikoarekin batera. Halaber, erabilera komunitariora bideratuta daudenetan, txosten horietan erabilera, edukiera eta osasun-mugei buruzko zehaztapenak agertu behar dira. Zentzu horretan, Salvador Diez Espainiako Finka Administratzaileen Elkargoko presidenteak, gomendatutako baldintza teknikoak betetzeaz gainera, igerilekua jartzerako orduan eraikin bateko elementu komunak aldatzeko aukerarik ez dagoela gogorarazi du: "Auzokide batek igerileku bat instalatu nahi badu eta horrek elementu komunetako bat aldatzea badakar, ezin du hori egin Jabeen Ba-tzordearen baimenik gabe, eta baimen hori aho batez hartu behar da, beti ere bizilagunen-tzat inolako arriskurik ez badakar". Terrazan jartzeko asmoa badago ez dago hori egiteko beharrik, baina txosten bat aurkeztea gomendagarria da, instalazioa teknikoki bideragarria dela bermatzeko.

Kontuz ibili. Igerileku puzgarrien eta aurrefabrikatuen salmenta igotzen ari den aldetik, arkitektoek zein finken administratzaileek kontuz ibiltzeko ohar bat argitaratu dute. Esaterako, Laureano Matas Arkitektoen Elkargoko idazkari nagusiak jakinarazi duenez, "profesional baten ikuskapenik gabe eta instalazioen bideragarritasuna egiaztatu gabe, eraikinen egiturak kaltetu daitezke eta pertsonen segurtasuna arriskuan jarri".