TOLOSA. Koronabirusa dela eta hiru hilabetez itxita egon ondoren, ekainaren 15ean, astelehena, Tolosako Berazubi estadioak eta Usabal kiroldegiak bere ateak ireki egingo dituzte berriro. Horietan, kirola banaka edo binaka egitea baimenduko da, erabiltzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko. Instalazioen garbiketa eta desinfekzio lanak egingo dira, eta horiek gauzatzeko instalazioak 14:30etik 15:30era itxi egingo dira.

ESKAINIKO DIREN ZERBITZUAK

Oraingoz, bakarkako kirola baino ez dago baimenduta, beraz, bakarka edo binaka kirola egiteko zerbitzuak eskainiko dira. Hori dela eta, honako zerbitzu hauek itxita egongo dira, momentuz: erabilera anitzeko kantxak, tatamia, rokodromoa, saunak, lurrun-bainua, terma eta ur hotzeko pileta. Ez da egoteko, itxaroteko edo jolas librerako lekurik egongo.

Aldez aurretik hitzordua eskatuta bakarrik joan ahal izango da instalazioetara, eta txartela tornutik pasatzea derrigorrezkoa izango da, pilaketak saihesteko eta edukiera kontrolatzeko. Instalazioetara maskararekin sartu beharko da, eta kirol-jarduera egiteko kendu ahal izango da, baina ariketa fisikoa amaitu ondoren berriro jarri beharko da.

Sarreran eskuak hidrogelarekin garbitzea ere nahitaezkoa da, eta arrisku taldekoa izanez gero (adinagatik, haurdunaldiagatik edota besteak beste, biriketako gaixotasunagatik) kirol-instalazioetara ez joatea gomendatzen da. Instalazioetara ate nagusitik sartu beharko da eta, ahal den guztietan, larrialdietako atetik irten.

Bi metroko distantzia errespetatu behar da une oro, eta sarrera-irteeretan pilaketarik ez gertatzeko, lurrean jarriko diren jarraibideak errespetatu beharko dira. Igogailua behar-beharrezkoa denean bakarrik erabiliko da.

Instalazioetara kirol-arroparekin joan beharko da; izan ere, aldageletan elementu komunak zigilatuta egongo dira: dutxak, lehorgailuak... eta takilak erabiliz gero, erabiltzaileek, aurretik eta ondoren, desinfektatu egin beharko dituzte.

Usabal eta Berazubiko fitnes-aretoei dagokienez, erabiltzaile bakoitzak bi eskuoihal eraman beharko ditu, bata handia, makinen edota esterilaren gainean jartzeko, eta bestea txikia, izerdia lehortzeko. Erabiltzaileek sarritan garbitu beharko dituzte eskuak entrenamenduan zehar, eta ukitzen den elementu bakoitza desinfektatu beharko da entrenamenduaren aurretik eta ondoren.

Barruko igerilekuei dagokienez, sarrera igerilekuko aldageletatik egingo da, ezarritako seinaleei jarraituz, eta irteera kanpoko igerilekura sartzeko atetik. Ez da igeri egiteko inolako materialik utziko; beraz, erabiltzaile bakoitzak beharrezkoa duen materiala ekarri beharko du.

Igerileku txikia eta plisti-plasta eremuak adineko pertsonentzat eta familientzat izango dira. Igeri egitea ez den beste jarduerarik ezin izango da egin, igerileku handian nahiz txikian, pasabideak libre uzteko eta pilaketak saihesteko.