DONOSTIA. Turismoa berriro indartzeko funtsezkoa den DTI Sareko kidea da Donostia, estatuko beste 121 kiderekin batera. Kide horiek orain dela gutxi izandako bilera batean koronabirusak sektorean eragindako inpaktua arintzeko lantzen ari den Turismoa Suspertzeko Planeko ekintza-ildo nagusiak aurkeztu zituzten.

Cristina Lagé zinegotziak honakoa adierazi du: "Donostia kide fundatzailea da Helmuga Turistiko Adimenduen sarean; Sare horrek, sostengagarritasun sozial, laboral, kultural eta enpresarialean oinarritutako industria turistikoaren oinarriak jartzen ditu, eta, gainera, orain, Reyes Maroto ministroak adierazi zuen bezala, baita jasangarritasun sanitarioarena ere".

Udalerrien rola funtsezkoa da turismo adimentsua eta segurua sustatzeko eta bermatzeko, eta ezinbestekoa izango da sektorea berriro indartzeko haren garrantzi ekonomikoa zein gizarte eta lurralde mailako kohesioa lortzeko egiten duen ekarpena dela eta.

Horregatik, ezagutza-eredu berria sortu da udalerriei politika turistikoko erabakiak hartzeko elementuak emateko. Horri esker, Espainiako eskaintzaren baitako produkzio-egituraren ezaugarriak hobeto ezagutu eta bidaiarien portaeran eragina duten joera sozialak identifikatu ahal izango dira. Horren bidez, eskarian gerta daitezkeen aldaketen aurrean, aurrerapenarekin eta aurreikuspenarekin jardun ahal izango dute.

Horrez gain, Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz, Turismogune Adimentsuen Diagnostikoa egiteko metodologia eta Ekintza Planeko gomendioak hobetzeko eta egokitzeko lanean ari dira egoera berriarekin lotutako alderdiak txertatu ahal izateko: etorkizuneko komunikazio-ekintzak, merkatuetako posizionamendu berria, enpleguari eman beharreko laguntza, jardunbide egokiak, webinar-ak, kideentzako prestakuntza- eta gaitasun-plana eta abar.