DONOSTIA. Donostia estatu mailan zortzigarren postuan dago CCA Kongresuen eta Batzarren Nazioarteko Elkarteak azaleratutako 2019ko rankingean. Aurretik Madril, Bartzelona eta Bilbo daude, besteak beste.

Atzetik ditu, aldiz, populazio handiagoa duten zenbait hiri, hala nola Zaragoza, Mallorcako Palma eta Alacant. Biztanle kopurua kontuan hartuta, Donostia Bartzelona, Granada eta Valentziaren atzetik geratuko litzateke. Guztira Espainiako 56 hiri sartu dira 2019an rankingean ekitaldiren batekin.

Mundu mailako ICCA rankingean, Donostia 221. postuan dago, kontuan hartutako 1.835 hirien artean, eta Europa mailan, aldiz, 112. postuan, Bonn, Estrasburgo, Hannover, Heidelberg eta beste hiri batzuekin batera.

ICCA, International Congress and Convention Association, prestigiorik handieneko elkartea da bere arloan eta nazioartean erreferentzia. Oso irizpide zorrotzak erabiltzen dituzte kongresuak zenbatzeko orduan. Nolabaiteko maiztasunez egiten diren nazioarteko kongresuak, 3 herrialde baino gehiagoren artean txandakatzen direnak eta gutxienez 50 partaide dituztenak bakarrik erregistratzen dituzte. Irizpide horiek aintzat hartuta, Donostian izan ziren 12 ekitaldi zenbatu dituzte.

  • 2019an, bileren turismoarekin (kongresuak, jardunaldiak, batzarrak...) lotutako 177 ekitaldi izan dira Donostian. Horiek 50 milioi euro inguruko eragina izan dute (datu hauen arabera kalkulatuta: ostatu-gauen kopurua x 350 Ç-ko gastua batez beste kongresuko partaide bakoitzeko).
  • Kongresu horien % 69 goi-denboralditik kanpo egin da (urtarriletik maiatzera eta urritik abendura).
  • Gainera, hiriak azpiegituretan eskaintzen duen aukera zabalaren erakusgarri, 2019an izandako nazioarteko kongresuak askotariko egoitzetan egin dira; esaterako, Kursaal Biltzar Jauregian, Miramar Jauregian, Victoria Eugenian eta unibertsitateetako eta hoteletako zenbait aretotan.