GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzak bazterketa edota pobrezia egoerak jasaten ari diren pertsonei bideratutako hamar programa abiaraziko ditu. Guztira, hamar mila perstona inguru izango dira laguntza horien onardunak.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, aurrez aurreko eta bideokonferentzia bidezko prentsaurreko batean, Lehendakaritzatik, bihar onetsiko diren eta Funts garrantzitsu honetan jaso diren programa berrietako bosten edukiaren xehetasunak eman ditu.

“Kontrasteko eta beharren lehen mailako detekziorako hasierako etapa hau amaitu dugu eta, aurrerantzean, elkarlaneko eta sareko lan horrekin lanean jarraituko dugu, baina lanean bertan. Hirugarren gizarte-sektoreko erakundeekin abian dugun etengabeko elkarrizketa horri eutsi eta finkatu egingo dugu. Gaur aurkeztuko dizkizuegun programen bidez, errealitate bilakatzen ari da ‘Inor atzean utzi Gabe’ funts ekonomikoa”, esan du sailburuak.

Artolazabalekin batera, prentsaurrekoan, honako hauek izan dira: Lide Amilibilia Gizarte Politiketako sailburuordea, Rafael López Arostegi Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko aholkularia, Mikel Barturen Sareen Sareko koordinatzailea (hirugarren sektore sozialeko sareen sarea) eta Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko bazterketaren aurkako batzordeko hamar kide.

Bertan izan dira Bizitegiko Aitor Ipiña; Gizakiako Estibaliz Barron; Elkarbanatuzeko Borja Doval; Bizkaiko Caritaseko Carlos Bargos; Gipuzkoako Caritaseko Jose Emilio Lafuente eta Arabako Hiesaren Aurkako Batzordeko Pilar Marijuan.

Funts berria hamar programa zehatzetan egituratzen da, eta, haien bidez, honako helburu hauek bete nahi dira: baliabiderik ez duten familiei arreta ematea; kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta psikologikoa; etxerik ez duten pertsonen ostatua sendotu eta hobetzea, eta medikamentuak eta ordezko kontsumoak ematea. Programa garatzeko berrehun profesionalek eta mila boluntariok parte hartuko dute.

Halaber, beste zenbateko zehatz batzuk egongo dira, honako helburu hauetarako: babes-materialen stocka sortzeko; osasun-krisialdiaren ondorioz ostatua galdu duten pertsonentzako ostatu-aukerak sustatzeko; pandemiaren eragina jasan duten prestakuntza-prozesuetan dauden gazte atzerritarrentzako bizikidetza-aukerak; lineako eskola-berrindartzerako, eta Guztion Artean elkartasun antolatuko sarea sustatzeko.

“Programa horien bidez, izen-abizenak dituzten pertsonak izango dira onuradun, bizitza-proiektuak eta pandemiaren ondorioz eten behar ez diren etorkizuneko nahiak dituztenak. “Programa horien bidez, berehala erantzun nahi zaie ustekabeko eta premiazko beharrei edo pandemia azaleratu dutenei”, esan du Artolazabal sailburuak.

"Larrialdi unea igarota, erronka handi bat dugu aurrean: beharrizan berriak eta larriagotutako beharrizan zaharrak dituzten pertsona, familia eta kolektiboek konfinatuta jarraitzen dute. Orain erantzun eraginkorrak prestatu eta ibilbideak diseinatu behar dira, normaltasun berrira itzultzea gizarteratzeko eta oinarrizko eskubideak benetan erabiltzeko aukera izan dadin", adierazi du Mikel Barturenek.

PROGRAMA BERRIAK

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, bihar, bost ekimen berri baimenduko ditu.

Azken Sarea Indartzen programa -baliabide nahikorik ez duten familientzako oinarrizko beharrei erantzuteko laguntzari buruzkoa- DSBEaren, EPOaren eta Eusko Jaurlaritzak gizarte-larrialdiko laguntzetarako adostutako areagotzearen osagarria da, bai eta beste laguntza eta prestazio batzuen sendotzearena ere. Hari esker, hamahiru erakunde parte-hartzailek -besteak beste Cáritas, Sidalava, Amuge edo Bizitegi-, esaterako, laguntzak edo prestazioak aurreratu ahalko dizkiete pertsona eta familiei, zuzeneko transferentzien bitartez; betiere, horretarako, Eusko Jaurlaritzari beharrezkoa balitz aurrerakinak kudeatzeko beharraren berri eman beharko diote. Edo elikagaien laguntzetarako bide eman dezakete, zuzenean, baliabiderik ez duten pertsonentzat. Hura garatzeko kostua 4,9 milioi eurokoa izatea aurreikusten da.

Aterpeak programan, ‘Alarma-egoeraren hasieran baliabide kolektiboetan ostatu hartu duten etxegabeen ostatu-baliabideak sendotu, dibertsifikatu eta hobetzea”ri buruzkoan, erakunde parte-hartzaileek, besteak beste Cáritasek, Gurutze Gorriak edo Bizkaisidak (Bizkaiko Hiesaren aurkako Batzordea), beren edo hirugarrenek lagatako azpiegitura erabilgarrien bidez, behar horiei erantzun diezaieketen proiektuak garatzea izango dute helburu.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak, funtsaren bidez, betiere udalekin ados jarrita, baliabideak abian jartzeko proiektu txikiagoen (50 pertsona baino gutxiagokoak) garapena bultza lezake, besteak beste. Hura garatzeko kostua 390.000 eurokoa izatea aurreikusten da.

Erdu programaren bidez -‘Alarma-egoeran edo konfinamendu-egoeretan medikamentuak eta ordezko kontsumoak ematekoa”-, erakundeetatik droga-mendekotasun eta/edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei medikamentuak eskuratzeko erraztasuna emateko beharrari erantzuten zaio, bai eta konfinamendu-egoeran dauden eta droga-mendekotasuneko arazoak dituzten pertsonei kontsumo alternatiboetarako bide emateko eta gatazkak prebenitzeko beharrari ere.

Hala aurreikusten da, esaterako, erakunde parte-hartzaileek, besteak beste Gizakia, Etorkintza, Agipad edo Jeiki erakundeek, kontsumo-geletara jotzeko baimenak eskaini ahal izatea, farmaziek egunero medikamentuak emateko kudeaketak egitea edo erosketaz (hala badagokio) eta banaketaz arduratzea. Hura garatzeko kostua 375.000 eurokoa izatea aurreikusten da.

Era berean, ‘Doluari arreta emateko’ programa sustatzea aurreikusten da, erakunde parte-hartzaileek, besteak beste Agintzarik edo 3+D-k, Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusaren ondorioz hil diren pertsonen familiartekoei laguntzak eskaintzeko. Hura garatzeko kostua 303.000 eurokoa izatea aurreikusten da.

Aukerak Suspertzen ekimenaren bidez, ‘Lineako Eskola Berrindartzea’ programaren helburua da hirugarren sektore sozialeko erakundeek garatutako eskola-laguntzako jarduerak sustatzea, ikastetxeak ixteak arrisku-egoerak eta eten digitaleko egoerak bizi dituzten adingabeetan izan dezakeen eragina (errendimendua murriztea, eskola-atzeratasuna…) murrizteko. Ekimen hori, guztira, 12 erakundek sustatuko dute, besteak beste, honako hauek: Agintzari, Afro, Save The Children. 375.000 euroko kostua aurreikusten da.

Artolazabal sailburuak gogorarazi du programa horiek atzeraeraginezko efektua izangu dutela, alegia, programak pasa den martxoan pandemia hasi zenetik abendura arte eginiko lana barne hartuko du, eta behar berriak ere jaso ahalko dituzte; beraz, 10 milioiko funts horren kopuru jakin bat egon daitezkeen erantzun-ildo berrietarako gordeko da.

Osasun-krisiaren eta/edo alarma-egoeraren ondorioz ostatua galdu duten pertsonentzako ostatu-aukerak eskaintzeko programa baten garapena, esaterako. Bertan, esaterako, egoitza-egoera ahulean dauden eta prestakuntza-prozesu komunitarioa egiten ari diren gazte atzerritarrentzako irtenbideak jasotzea aurreikusten da, osasun-krisiaren ondorioz eten den gizarte- eta lan-integrazioko ibilbidearekin jarraitu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, dagoeneko, hartan elkarlanean jardungo duten erakundeak adosteko ari da lanean.

DAGOENEKO ABIAN

Azkenik, ‘Guztion Artean’ martxoaren 16an Cáritasen eta Gurutze Gorriaren laguntzaz abiarazitako herritarren lankidetza-sarea, halaber, funts horren bidez abian jarri den lehen fasearen barruan dago. Sare horri esker, 700 pertsona baino gehiagok oinarri-oinarrizko beharrak aseta ditu, boluntarioen lanari esker. 130.000 euroko aurrekontua aurreikusten da.

Era berean, pasa den astearteko Gobernu Kontseiluak ‘Kalteberatasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta psikologiko”rako Adi programa baimendu zuen. Haren bidez, Lagungo fundazioak telefono bidezko eta, salbuespenezko egoeretan, aurrez aurreko arreta psikologikoa eskainiko die beti ON telelaguntza-zerbitzuak, Guztion Artean sareak, Nagusilan bakardadearen aurkako ekimenak edo Cuidados Dignos fundazioak bideratutako pertsonei eta, zehazki, adinekoei, bai eta batik bat bazterketa-eremuan diharduten erakunde edo entitateek bideratutako kalteberatasun-egoeran dauden beste pertsona batzuei.

Pertsona horiek honako ezaugarri hauek dituzte: beren ondoez emozionala, konfinamendu- eta alarma-egoeraren ondorioz eta egoera horretara egokitzeko baliabide pertsonal nahikoa ez izateagatik, larriagotu egin da eta horrek arazo psikologikoak ekarri dizkie edo aurretik izan dituztenak larriagotu. Hura garatzeko kostua 110.000 eurokoa izatea aurreikusten da.