TOLOSA. Koronabirusak egoera berezia eragin du gure eguneroko bizitzan, eta baita hezkuntzan ere. Ikastetxeen itxiera dela eta, ikasten ari diren ume eta gazteek euren etxetatik egin behar izaten dituzte etxerako lanak, baina horrek arazo bat dauka. Badira familia asko euren seme-alabak etxetik ikasteko baliabiderik ez dituztenak: ordenagailuak, tabletak, eta abar. Horregatik, Tolosako Udalak ikasketen jarraipena etxetik egiteko arazoak dituzten familien artean ekipo informatikoak banatu ditu, hezkuntza zentroekin elkarlanean.

Gauzak horrela, Ikasketen Jarraipen Digitala ahalbidetzeko eta herriko ikastetxeetako ikasle guztiek ikasketen jarraipena digitalki eta etxetik egiteko aukera bermatzeko, ordenagailuak banatu dira eta Interneterako konexioa ahalbidetu da aipatutako familia horien artean.

Ekipo informatikoen banaketak, baina, helburu bikoitza izan du, arrakala digital akademikoa gainditzea batetik, eta haur eta gazteen isolamendu egoera ez areagotzea, bestetik.

Tolosako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH-ko eta Batxilergoko ikasketak egiten dituzten, Laskorain Ikastola, Herrikide Ikastetxea eta Samaniego-Orixe ikastetxeetako zuzendarien eskutik, Tolosako Udaleko Gazteria Zerbitzuari helarazi zaizkio arrakala digitala pairatzen duten haur, nerabe eta gazteen zerrendak zein horiek teknologia digitalaren inguruan dituzten behar zehatzak.

Beharrak aztertuta eta baliabideak eskuratuta, Tolosako boluntario taldearekin elkarlanean egin da ordenagailuen banaketa zein Interneterako konexioen ahalbidetzea. Guztira, 25 ekipo informatiko banatu dira behar bereziak dituzten familietako haur-gazte eta nerabeen artean.