Times Higher Education rankingaren arabera

EHU, munduko 49 unibertsitate onenen artean genero-berdintasunean

25.04.2020 | 12:14
Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleak.

BILBO. Unibertsitate-inpaktuko rankinga den Times Higher Educationek Euskal Herriko Unibertsitatea genero-berdintasunean munduko 49 erakunde onenen artean kokatu du. UPV/EHUk ranking horretan parte hartzen duen lehenengo aldia izan da, eta 101-200eko tartean kokatu da sailkapen orokorrean. Gainera, ekoizpen eta kontsumo arduratsuari dagokion kategorian 59 hoberenen artean sailkatu da.

Times Higher Education (THE) unibertsitate-inpaktuko rankingak iaztik ebaluatzen du unibertsitateek zer jarduera izan duten NBEk bultzatutako Agenda 2030eko Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotuta. Ranking horretan hainbat adierazle erabiltzen dira, ebaluatzen dutenak zer eragin sozioekonomiko duten goi-mailako hezkuntza-erakundeek 17 GJHen inguruan, barnean hartuta formazioaren, ikerketaren, transferentziaren eta gobernantzaren arloak.

Rankingean parte hartzeko, beharrezkoa da jakinaraztea zer emaitza lortu diren 17. GJHan (Helburuak lortzeko aliantzak) eta beste hiru helburutan gutxienez. Datu horiekin, bi sailkapen-mota egin dira: orokorra, unibertsitateak emaitza onenak lortu dituen hiru GJHen emaitzetan oinarritutakoa, eta GJH bakoitzari dagozkion rankingak.

UPV/EHU 101-200eko tartean sailkatu da bigarren edizio honetako sailkapen orokorrean. Aurten, 85 herrialdetako 766 unibertsitatek baino gehiagok hartu dute parte. UPV/EHUk parte hartzen duen lehen aldia da, eta 6 helburu aurkeztu ditu: Osasuna eta ongizatea (3. GJHa), Kalitateko hezkuntza (4. GJHa), Genero-berdintasuna (5. GJHa), Desberdinkeriak murriztea (10. GJHa), Ekoizpen eta kontsumo arduratsua (12. GJHa) eta Helburuak lortzeko aliantzak (17. GJHa).

Estreinaldi honetan, genero-berdintasunean, munduko 49 erakunde onenen artean kokatzea lortu du UPV/EHUk, eta ekoizpen eta kontsumo arduratsuetan, munduko 59 erakunde onenen artean. Halaber, nabarmentzekoak dira osasunarekin eta ongizatearekin lotuta eta garapen jasangarria lortzeko aliantzen arloan egin duen ekarpena, non 100 puntutik 72,3 eta 78,6 puntu lortu baititu, hurrenez hurren, eta horrek 101-200eko tartean kokatu baitu. Rankingak balio berezia eman die emakumeak sustatzeko martxan jarri diren ekintzei, hezkuntzaren arloan egin diren argitalpen zientifikoei, ingurumen-jardueren txostenak argitaratzeari, bazterkeria saihesteko neurriei eta helburuak lortzeko aliantzei. Horrekin guztiarekin, UPV/EHUk lortu du ekoizpen eta kontsumo arduratsuan ekarpen handienak egiten dituen estatuko bigarren unibertsitatea izatea, eta bosgarrena izatea, bai osasunaren eta ongizatearen arloan eta bai genero-berdintasunean.

Ranking honetan buru da, berriz ere, Aucklandeko Unibertsitatea (Zeelanda Berria), eta Australiako bi unibertsitatek osatzen dute lehenengo hiru onenen zerrenda: Sydneyko Unibertsitatea eta Sydney Mendebaldeko Unibertsitatea.

ABIAPUNTU EGOKIA ETA ONGI PLANIFIKATUTAKO BIDEA

2020ko edizio honetako emaitzak 2017-2018 ikasturte akademikoko datuetan oinarritzen dira, hain zuzen ere Garapen jasangarrirako 2030 EHUagenda eta Segimendua egiteko adierazleen taula garatu ziren garaiko datuetan. Estibaliz Saez de Camara Oleaga jasangarritasun-zuzendariak nabarmendu duenez, "agenda prestatzeko prozesuan egiaztatu genuen ez ginela zerotik abiatzen, eta egina genuela jada GJHetako askoren bidearen zati bat. Titulazio eta ikerketa jakin batzuk, giza eskubideen kultura sustatzea, gizon eta emakumeen arteko berdintasun-politikak, dibertsitate funtzionala daukaten pertsonei arreta ematea, garapenerako lankidetza eta ingurumen-kudeaketa ez dira urte askoan egin dugun lanetik kanpo geratzen". "2030 EHUagendarekin pauso bat aurrera eman nahi da, modu koherente batean integratzeko unibertsitate-komunitatearen tokiko ahalegin partikularrak, bide honetan inor atzean utzi gabe batera eta elkarri konektatuta jardunez", dio.

EHUagendaren lehen urteurrenarekin bat eginez, 2018-2019 ikasturteko emaitzak argitaratu dira agendaren web-atarian, eta dagoeneko hautematen da asko hobetu dela adierazle batzuetan: jasangarritasunerako berrikuntza-proiektuetan parte hartzen duen irakasle-kopurua (137tik 234ra); energia-iturri berriztagarrietako energia-kontsumoaren ehunekoa (%?46tik %?82ra); klausula etikoak, sozialak eta ingurumenekoak erantsi diren lizitazioen ehunekoa (% 56tik %?100era) eta euskarazko doktore-tesien kopurua (28tik 64ra).

noticias de deia