- Koronabirusa, berrogeialdia, konfinamendua… bezalako hitzak uneoro entzun eta irakurtzen ditugu. covid-19 gaixotasunak eragindako egoera hizpide nagusi bihurtu da azkenaldian. Pandemiak mundua geldiarazi du, etxe guztietan sartuz, eta ondorioz, komunikabideak monopolizatuz ere. Horregatik, Euskaltzaindiak, UZEIrekin batera, koronabirusaren gaineko oinarrizko hiztegia plazaratu du. Helburua? “Komunikabideetan eta sare sozialetan dihardutenei laguntzea”.

Albisteetatik nahiz osasun-arduradunen esanetatik, “termino ohikoenak jasozeko saioa” egin du Akademiak. Plazaratutako terminoen artean aurkitu daitezke maskara, etxeratze-agindu eodta inkubatu; baita bakoitzaren definizio labur bat ere. Dokumentua Euskaltzaindiaren webgunean dago eskuragai. Guztira, 25 sarrera daude bertan eta azaltzen dutenez, “gaiarekiko lehen hurbilpen-saioa baino ez da, eta, beraz, ez da prestatu exhaustiboa izateko helburuarekin”:

Antibiriko, antibiral, birusen kontrako

Birusen ugalketa edo eragina eragozteko gaitasuna duena.

Arnasgailu

Arnasketa artifizialerako makina, zainketa intentsiboetan edo anestesiatzean erabiltzen dena. Arnasgailuak bolumetrikoak edo manometrikoak izan daitezke: bolumetrikoetan arnasgailuak hornitzen duen gasaren bolumenaren bidez kontrolatzen da biriken aireztapena, eta, manometrikoetan, gasaren presioaren bidez.

Asintomatiko, sintomarik gabeko

Gaixotasun bat ezagutarazten duen ageriko gertakari klinikorik ez duena.

Bakartu

1. Lagunartetik urrundu. 2. Norbait edo zerbait bakarrik jarri, berarekin daudenetatik bereizi.

Berrogeialdi

Berrogei eguneko bitartea; bereziki, eritasun kutsakorren bat bide duten pertsonei ezartzen zaien bakarraldia, lehen berrogeiren bat egunekoa zena.

COVID-19

SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako gaixotasuna.

Erantzun inmunitario

Inmunitate sistemak gorputza antigenoetatik babesteko eragiten duen erreakzio-multzoa.

Etxeratze-agindu

Egoera bereziren bat dela eta, ordu batzuetan, bereziki gauaz, kalean biltzea debekatzen duen agindua.

Gaixotasun-bektore, bektore

Agente patogeno bat organismo ostalaritik beste organismo batera mekanikoki edo biologikoki transmititzeko gaitasuna duen bitarteko izaki biziduna.

Inmunitate

Gaixotasun infekzioso edo antigeno baten aurka gorputzak duen erresistentzia.

Inkubatu

Gaitz infekzioso bat, kutsatzen den unetik lehen sintomak agertzen diren arte, garatu.

Karga-biriko, birus-karga

Gorputzaren jariaki batean birus jakin batek duen kontzentrazioa, odolean kopia/mililitrotan neurtzen dena. Karga-aldaketa, berriz, logaritmo hamartarretan neurtzen da.

Konfinamendu

Konfinatzea; horren ondorioa.

Konfinatu

Leku jakin batean, muga jakin ba-tzuetatik irten gabe, bizitzera behartu.

Koronabirus

Coronaviridae familiako RNA birusen generoa. Genero horretako birusek arnasbide eta hesteetako hainbat gaixotasun eragiten dituzte (adibidez covid-19a, arnas sindrome akutu larria eta Ekialde Hurbileko arnas sindromea).

Maskara

Ahoa eta sudurra estaltzen dituen babesgarria, arnasten duena edo haren inguruan dagoena agente patogenoetatik edo toxikoetatik babesteko erabiltzen dena.

Nazioarteko osasun-larrialdi

Nazioarteko Osasun Erregelamenduan zehaztutako ezohiko gertaera: estatu bateko gaixotasun bat nazioartean hedatu eta beste estatu batzuen osasun publikorako arriskutsua izan daitekeenez, nazioarteko erantzun koordinatua beharrezkoa izan daiteke hari aurre egiteko.

Norbera babesteko ekipamendu, NBE

Langile bakoitzak bere laneko segurtasunaren edo osasunaren kontrako arriskuren batetik babesteko eraman edo eduki behar duen ekipamendua, baita helburu hori bera izan dezakeen beste edozein osagarri edo lagungarri ere.

Pandemia

Gaitz epidemikoa, eskualde oso bateko edo lur eremu zabal bateko ia biztanle guztiei eragiten diena.

Proba diagnostiko

Gaixotasunaren diagnostikoa lor-tzeko egiten den proba.

R0 zenbaki

Gaixotasun infekzioso bat duen pertsona batek ustez beste zenbat pertsona kutsatuko dituen adierazten duen zenbakia.

Talde-inmunitate

Talde batek gaixotasun baten erasoari aurre egitea, haren kideen proportzio handi baten inmunitatearen ondorioz, eta, ondorioz, eragindako subjektu bat beste zaurgarri batekin kontaktuan jartzeko probabilitatea murriztea.

Test azkar, test laster

Gaixotasun baten diagnostikoa denbora-tarte laburrean et erraz eskura daitekeen lagin bat erabiliz egiteko erabiltzen den proba.

Zainketa-intentsiboetako unitate, ZIU

Etengabeko arreta eta zainketa behar duten gaixo larriak tratatzeko ospitale-zerbitzua. Bertan artatzen dituzten pazienteak bizi-arriskuan daudenez, bizi-zeinuak eta bestelako parametroak (likidoen kontrola, esaterako) etengabe monitorizatzen dira.

Zoonosi

Animalien parasitoek sortutako eritasun infekziosoa, baldintza naturaletan ornodunetatik gizakira, eta alderantziz, transmititzen dena.