DONOSTIA. 55 urte baino gehiago dituzten Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleen ongizaterako EtxeanMugi izeneko ekimena abiarazi du Gipuzkoako Esperientzia gelak, EHU edonondik programaren barruan. EtxeanMugik konfinamendu garai honetan ariketa fisikoak egiteak duen garrantziaz ohartzen du eta, horrez gain, 55 urtetik gorako ikasleak irakaskuntza ez-presentzialean ikaskideekin duten loturari eustea du helburu.

"Hastapen hau-azaldu du Amaia Irazustak, UPV/EHUko Gipuzkoako Esperientzia Geletako zuzendariak- garrantzitsua da, ikasleekin harremanetan egoten lagunduko digulako, ariketa fisikoa egiten duten bitartean. Ariketa hori, segur aski, ez lukete egingo ".

EtxeanMugi ekimenak eGelan argitaratzeko materiala prestatzea aurreikusten du. Material horrek jarraibide teorikoak eta ikus-entzunezko materiala barne hartuko ditu, ezarritako ariketen jarraipena egiten laguntzeko. Ariketa horiek aldizka argitaratuko dira online irakaskuntzara joan ezin diren pertsonentzat. BlackBoardCollaborate plataformaren bidez online saioak egitea ere aurreikusten du, proiektuaren lotura eta jarraipena egiten lagunduko dutenak. Astean 2 eskola programatuko dira konfinamenduak iraun arte.

"Gipuzkoako Esperientzia Geletako ikasleei zuzendutako jarduera horiek irakasle aditu eta esperientzia handiko batek diseinatu eta garatuko ditu. Ez da aparaturik edo material espezifikorik beharko; etxean ditugun materialekin egin ahal izango dira saioak, hala nola aulki batekin, arroz-paketeekin € eta beti emango ditugu intentsitate eta zailtasun aukerak, pertsona guztiek, beren gaitasuna edozein dela ere, ariketak jarraitu ahal izan ditzaten. Gainera, saio bakoitzaren amaieran iritziak trukatu ahal izango dituzte, irakaslearekin zalantzak galdetu ".

EtxeanMugi programak barne hartzen dituen jarduerak diseinatzeko, Eusko Jaurlaritzak garatutako Adinekoen Arretarako Planaren jarraibideei jarraitu zaie. Plan horretan Gipuzkoako Esperientzia Geletako irakasle Ana Rodríguezek eta Jon Irazustak parte hartzen dute. Hauek UPV/EHUko AgeingOn taldeko kideak dira. Talde hori diziplina anitzeko taldea da, eta bizitzan zehar ariketa fisikoa ardatz hartuta, esperientzia handia du adineko helduen artean ariketa-esku-hartzeak diseinatzen, gauzatzen eta aztertzen.

"Azken batean, EtxeanMugi ekimena funtsezko tresna da Gipuzkoako Esperientzia Geletako ikasleen bizi-kalitatea hobetzeko, eta lagundu egiten die aktibo egoten, harreman sozialak sendotzen eta oztopo teknologikoak apurtzen", ondorioztatu du Amaia Irazustak.