Síguenos en redes sociales:

Atzo egin zen bide telematikoz

Urtaranek gasteiztarren jarrera goraipatu du osoko bilkuran

Urtaranek gasteiztarren jarrera goraipatu du osoko bilkuranGasteizko Udala

GASTEIZ. Atzo goizean, martxoak 27, Gasteizko Udalak telematikoki egin zuen osoko bilkura lehendabiziz. Bileraren gai nagusia koronabirusaren aurka hartutako neurrien balantzea izan zen, eta hiriko alkate Gorka Urtaranek herritarren jarrera eredugarria nabarmendu zuen, besteak beste.

"Nabarmentzekoa da gasteiztarrak osasunaren arloko agintariek helarazitako jarraibideak betetzen ari direla. Osasun arloko langile guztien lana txalogarria eta bikaina izaten ari da, eta funtsezko sektoreetan (elikadura, garbiketa edo segurtasuna) lan egiten dutenena. Baita oraingo egoeran lagundu nahi duten boluntarioen ekarpena ere. Bakoitza bere arloan duen onena jartzen ari da krisialdi honi ahalik eta ondoen erantzuteko", adierazi zuen alkateak.

Gorka Urtaranek bereziki gogoratu nahi izan zituen gaitzak jotakoak, baita pertsona maiteak galdu dituztenak ere, areago haien bizitzako azken uneetan laguntzeko edo agur esateko aukerarik izan ez duten honetan.

Alkateak azaldu zuenez, hainbat jarduera-arloren artean, garbiketa izan da lehentasuna une oro. Higienea areagotu egin da espazio publikoan, udal instalazioetan eta garraio publikoan, hasiera-hasieratik desinfektatzaileak, detergenteak eta bioalkohola erabiliz. “Berebiziko ahalegina egiten ari dira hala garbiketa-taldeak nola lanetan laguntzen ari diren pertsonak”, esan zuen alkateak, eta beste erakunde batzuek garbiketa lanetan emandako laguntza ere eskertu zuen. "Laguntza oro, koronabirusaren aurka borrokatzeko egiten den ahalegin oro positiboa da hiriarentzat. Hasieratik esan dut", erantsi zuen.

Adinekoentzako arretaren arloan, orobat, funtsezkoa gertatzen ari da erakundeen arteko koordinazioa. Alkateak gertutik jarraitzen du Gasteizko egoitzen egoera. "Gainerako erakundeekin batera lanean ari gara leku horietan dauden pertsonen segurtasuna bermatzeko, jakitun baikara arrisku handiko espazioak direla", azpimarratu zuen Urtaranek.

Funts gehiago Gizarte Larrialdiko Laguntzetarako

Gizarte premien alorrari dagokionez, halaber, alkateak Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa aipatu du, gizarte larrialdietarako laguntzak handitu baititu. “Udalak beste bi milioi euro jasoko ditu gizarte larrialdietarako laguntzetan, eta datozen asteetan sortzen diren premia-egoerei erantzuteko bide emango digu horrek”, iragarri zuen alkateak.

Egoera ekonomikoa da udal gobernuaren beste kezketako bat. "Osasun krisia dugu. Osasuna da lehena orain. Baina krisi ekonomikoa ere hor dago, eta horri lehenbailehen erantzun beharko diogu", gogoratu zuen Gorka Urtaranek. Orain arte hartutako erabakiak aletu ditu: zerga eta tasa nagusiak ordaintzeko epea luzatzea, herritarren likidezia bermatzeko; udal aretoen alokairua etetea, baldin eta bertan dauden negozioek ezin badute jardun alarma egoeraren ondorioz; familiek haur-eskoletako kuotan ordaindu beharreko zenbatekoa murriztea, jarduerarik izan ez den egunen arabera.