DONOSTIA. 2,6 milioi euro bideratuko ditu Donostiako Udalak hiriko bizitegi eraikinak eta etxebizitzak birgaitzera. Horrela azaldu dute gaur goizean emandako prentsaurrekoan Donostiako Etxegintzako zuzendari Rafael Fariasek eta hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek. Komunitate eta pertsona interesatuek eskaerak aurkeztu ahal izango dituzte martxoaren 12tik apirilaren 3ra

Diru-laguntza hauek hiru mota ezberdinetako lanei zuzenduak izango dira:

  • Irisgarritasuna eta Eraikinen Azterketa Teknikoarekin lotura duten elementu komunak
  • Energia-eraginkortasuna eta isolamendu akustikoarekin lotura duten elementu pribatuak,
  • Hainbat etxebizitzen bizgaitzea, eta alokairuan jarri nahi diren hutsik dauden etxebizitzen birgaitzea.

Nekane Arzallusek azaldu du, "elementu komunen gaineko obretan, diru-lagunta eskatu ahal izango dela, igogailuak, arrapalak eta plataformak jartzeko horrelakorik ez duten bizitegi-eraikinetan. Halaber, diru-laguntza jaso ahal izango dute Eraikinen Azterketa Teknikoak eskatutako lanak egiteko, betiere, lehentasunezkoak edo premiazkoak badira".

Era berean, Arzallusek esan du, "kanpoko leihoak aldatu nahi duten etxebizitzek eskatu ahal izango dutela diru-laguntza, baldin eta gutxienez 30 dezibeliotako zarata lortzeko isolamendu akustikoa bermatzen duten leihoak jartzeko bada. Eta gauza bera, mugikortasun urriko pertsonak edo 65 urte baino gehiagoko pertsonak bizi diren etxebizitzak egokitzeko".

Gainera, Hirigintza zinegotziak adierazi du, "diru-laguntza eskatu ahal izango dutela etxebizitza hutsa duten jabeek, betiere Alokabideren bidez alokairuan jartzeko".

TRAMITAZIOA: PRESENTZIALA ETA ON-LINE

Diru-laguntzak emango dira birgaitzea eta irisgarritasuna laguntzeko Udal Ordenantzak ezartzen dituen baldintzak (teknikoak, administratiboak eta diru-sarrerak) betetzen dituzten eskaerei, eta beti, erregistratutako ordenari jarraituta. Hauek eskatzeko epea martxoaren 12an 9:00tan hasiko da eta apirilaren 3an 14:00tan amaituko da.

  • Pertsona fisikoek modu elektronikoan egin ahal izango dute eskaera udal webgunean, edo modu presentzialean Donostiako Etxegintzako bulegoan (San Martzial kalea 2) 9tik 14ra astelehenetik ostiralera, baita Udalinfoko bulegoetan ere.
  • Pertsona juridikoek, eskaera modu elektronikoan egin beharko dute, udal webgunearen bidez.

2019KO DATUAK

Bestalde, 2019an Donostiako Udalak lan hauetara zuzendutako diru-laguntzen datuak ere azaldu dituzte. Hain zuzen ere 2,9 milioi euro bideratu ziren, horrela banatuta:

  • 1,5 milioi euro irisgarritasun elementuak jartzeko izan ziren. Hau da, onartutako espedienteen %45.
  • 1,3 milioi euro Eraikinen Azterketa Teknikoak agindutako obrak egiteko izan ziren. Hau da, onartutako espedienteen %54.
  • Gainerako diru-laguntzak (%1) energia-eraginkortasuna eta isolamendu akustikoarekin lotura duten elementu pribatuetarako eta mugikortasun urriko pertsonak edo 65 urte baino gehiagoko pertsonak bizi diren etxebizitzak egokitzeko izan ziren.