Eusko Jaurlaritzak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez, Garapenerako Lankidetzako 2019ko Ignacio Ellacuria saria Anna Ferrer kooperanteari eta Vicente Ferrer Fundazioaren presidenteari eman dio. Iñigo Urkullu Lehendakariak emango dio saria, datorren asteazkenean, hilaren 26an, Lehendakaritzan egingo den ekitaldian.

Oraingoan, epaimahaiak aitortu nahi zain du kooperante britaniarraren ibilbide pertsonala konpromisoa, irmotasuna, antolaketa gaitasuna, arrazionaltasuna eta sen ona erakusteagatik. Halaber, sari honekin epaimahaiak lagundu nahi du emakumeak garapenerako lankidetzan egiten duten izugarrizko ekarpena aitortzen eta ezagutzera ematen.

Anna Ferrer-ren (Essex, Erresuma Batua, 1947) apustuak garapenerako lankidetzan erreferente izatera eraman du; Indiako komunitate behartsuenekin batera, eta, bereziki emakumeekin, lan egiteagatik, errotze patriarkal handia duen herrialde batean.

Kooperanteak, Vicente Ferrer-ekin batera, Rural Development Trust, Vicente Ferrer Fundazioaren Indiako erakundea sortu zuen 1969an. Helburua zen herrialdeko hegoaldeko pobretutako eta baztertutako nekazaritza komunitateak laguntzea. Kooperanteak borrokatu du beti emakumeak Indiaren aldaketan liderrak izan daitezen, eta horretarako, hezkuntza ahalbidetzen duten ekimenak eta programak bultzatu ditu: osasun arloan berdintasuna sustatzeko, ezkontza goiztiarrak ekiditeko, enpresa-sorkuntzarako edo lidergoa sortzeko, besteak beste.

Ignacio Ellacuria Saria

Garapenerako lankidetzaren Ignacio Ellacuria Saria Eusko Jaurlaritzak ematen du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (GLEAren) bidez. Sariaren xedea da aitortzea Euskadiko nahiz beste herrialderen bateko erakundeek, kolektiboek edo norbanakoek herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren alde eta pobrezia garaitzeko egindako lana. Era berean, GLEAk lankidetzaren esparruko lorpen eta ekarpen esanguratsuen hedapena ere bultzatu nahi du, euskal zein nazioarteko gizartea sentsibilizatzeko.