BILBO. Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du biharko, arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara, itsasaldeko arriskuagatik eta kostako inpaktuagatik. Marea biziak izango dira.

Euskalmet, Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, olatuak, hasiera batean, ez dira apartekoak izango, baina egoera marea biziekin batera gertatuko denez, datorren asteleheneko, astearteko eta asteazkeneko lehenengo itsasgoretan marearen altuera 4.8 m-tik gorakoa izango da, eta asteartean 4.91 m-koa.

Nabarmendu behar da itsasertzera olatu oso indartsuak iritsiko direla, eta olatu batetik bestera 15-16 segundoko aldea egongo da. Egoera gutxienez datorren asteazkenera arte luza daiteke, bereziki itsasgoren inguruan.

Aurreikuspenen arabera, bihar, igandea, olatu handienen altuera igotzen joango da, eta 3-3.5 m ingurukoa izan daiteke 18:00etatik aurrera. Astelehen goizaldetik aurrera, olatu handienen altuera 3.5 m-tik gorakoa izango da, egoera asteazken arratsalde-gauera arte luza daiteke, eta une horretatik aurrera altuera 3.5 m-tik beherakoa izango da.

Egoera horrek irauten duen denboran, eguraldia egonkorra izango da eta hego-haizea nagusituko da. Bihar, igandea, haizea nahiko indartsu ibiliko da, eta astelehen arratsaldean ipar-mendebalderantz egin dezake. Astearte arratsalde-gauean fronte bat irits daiteke, baina ez da oso aktiboa izango.

Gomendioak:

  • Ez hurbildu olatuen inpaktu guneetara, olatuek jo eta eraman egin baitzaitzakete.
  • Argazki ikusgarri batek ez du alferrikako arriskua konpentsatzen.
  • Itsasora eroriz gero, saiatu olatuak lehertzen diren lekutik aldentzen.
  • Olatuek eramaten bazaituzte, zaude lasai; ez egin igeri korrontearen aurka; itsasertzeko korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.

Udalek hartu beharreko neurriak:

  • Zaindu eta kontrolatu itsasertzeko errepideetako edo pasealekuetako arrisku guneak.
  • Herritarrak ohartarazi denboralearen ondoriozko arrisku-egoeraz eta hartu beharreko prebentzio-neurriez.