BILBO. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak atzo, urtarrilak 31, aurkeztu zuen Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, 2020an beteko duen Zaintza eta Kontrol Kanpainen egutegia. Aurten guztira 49 kanpaina egitea aurreikusten da, 2019an baino 5 gehiago, hainbat arrisku-faktore, bereziki Euskadiko istripuen tasan eraginik handiena dutenak, kontrolatzeko: abiadura desegokia, arreta-galtzeak eta alkoholaren eta drogen kontsumoa.

Helburua bide-segurtasuna hobetzea, gidatzean arrisku-portaerak zuzentzea eta trafiko-istripuen biktimen kopurua murriztea da. Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian egin den lan-bileran Segurtasuna Koordinatzeko zuzendari Rodrigo Gartzia, Ertzaintzako Trafikoko Buruzagitza Nagusiko intendente Iñigo Ibarra eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaltzaingoen ordezkariak izan ziren, bai eta Ertzaintzako Trafikoko Lurralde Unitateen arduradunak ere.

2019ko istripuen tasari buruzko datuak kontuan hartuta, aurten bereziki zaurgarriak diren kolektiboetan jarriko da arreta, batez ere motozaleen eta oinezkoen kolektiboetan, horien istripuen tasak gora egin izanaren ondorioz. Horrela, motozaleen kolektiboari zuzendutako abiadura-kanpaina espezifiko gehiago egingo dira. Aparteko garrantzia izango dute aurten ere bigarren mailako errepideetan abiadura kontrolatzeko egingo diren kanpaina orokorrek, eta eutsi egingo zaie arreta-galtzeen eta alkoholaren eta drogen kontsumoaren kontrol espezifikoei. Bestalde, beste kanpaina espezifiko bat egitea ere aurreikusten da kamioien eta autobusen emisioak kontrolatzeko, bai eta TIGak eta taxiak kontrolatzeko beste bi kanpaina ere. Guztira, 2019an baino 5 kanpaina gehiago egitea aurreikusten da.

"Iazko istripuen tasari buruzko datuak aztertu ondoren, erabaki dugu 2020ko egutegian beste bost kanpaina sartzea. Ekitaldi honetan zehar ere arreta berezia eskainiko diegu motozaleei; izan ere, 2019an Euskadin trafiko-istripuetan hildako pertsonen % 31 kolektibo zaurgarri horretakoak ziren. Kolektiboaren istripuen tasa murrizteko, motozikleten eta ziklomotorren abiadura kontrolatzeko beste kanpaina espezifiko bat egingo da hainbat asteburutan banatuta. Ertzaintzarekin eta udaltzaingoekin koordinatuta egin den 2020ko egutegiaren beste berrikuntzetako bat da kamioien eta autobusen emisioak kontrolatzeko beste kanpaina bat egingo dela, eta Turismo Ibilgailu Gidaridunak eta taxiak kontrolatzeko beste bi. Alkoholaren eta drogen kontsumoa kontrolatzeko beste kanpaina bat gehiago ere egingo da. Era horretara, 2015-2020 aldiko Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan ezarritako lerroei erantzungo diegu", azpimarratu zuenTrafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak.

2019ko zaintza-kanpainetan guztira 10.921 kontrol egin ziren, eta horietan 214.098 proba egin ziren eta 22.327 arau-hauste hauteman ziren. Horrek adierazten du arau-hausteek % 3,3 egin zutela gora, eta 2019an % 10,4ra iritsi ziren, beraz.

2020rako Zaintza eta Kontrol Egutegian honako hauek kontrolatzeko kanpainak egitea aurreikusten da: alkoholaren eta drogen kontsumoa, arreta-galtzeak, hiri-bideetako harrapaketak, eskola-garraioa eta salgaien eta pertsonen garraioa, abiadura, uhala eta haurrak eusteko sistemak, bigarren mailako errepideetako baldintzak teknikoak, motozikletak, ziklomotorrak eta bizikletak.