DONOSTIA. Donostiako Udal alokauriko BOEak esleitzeko baremazio kanpainak donostiarren 9.398 eskaera jaso ditu. Horrela azaldu zuen herenegun Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek eskainitako prentsaurrekoan. Bertan, kanpainak departamentuak zituen helburuak bete dituela adierazi zuen.

Datuak

Donostiako Etxegintzak 2076 alokairuko etxebizitza eta gazte zein adineko pertsonentzako bizitokiak ditu.

Jaso diren eskaeren artean, azpimarratzekoa da % 54,82 emakumeak direla eta %45,18 gizonezkoak. % 45 talde orokorrekoak dira, % 22,85 emantzipazioaren taldekoak, % 9,56 guraso bakarren taldekoak, eta % 8,69 pentsiodunen taldekoak.

Izena eman duten pertsona gehienek, pertsona batentzako edo bi pertsonentzako etxebizitza eskatu dute. % 51,7k pertsona batentzako etxebizitza eskatu du, eta % 27,2k bi pertsonentzako etxebizitza.

Adinari begiratuta, eskatzaileen % 46,12 18 eta 35 adin tartean daude. Jarraian 36 eta 50 urte bitarteko pertsonak daude (% 34,11). Eta eskatzaileen % 9,77k 51 urte baino gehiago dituzte. Adin tarte guztietako eskatzaile gehienek pertsona batentzako etxebizitza eskatu dute, bereziki gazteenek eta helduenek.

Aukera ezberdinen artean, Donostiako Etxegintzak etxebizitza partekatzeko aukera eskaini du. Izena eman duten 18 eta 35 urte bitarteko pertsonen % 8,94 prest dago etxebizitza partekatzeko.

Etxebizitzen esleipena

Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek azaldu du, egun hauetan azken datuak prozesatzen ari direla. Eta datu horiek Ogasunarekin gurutzatu ondoren prozesuaren emaitzen behin-behineko zerrendak publikatuko direla.

Esleituko diren hurrengo etxebizitzak Txomineneako 162 etxebizitzak izango dira. Eta etxebizitza horiek amaituta daude, azkeneko ikuskapenen zain hainbat zerbitzu martxan jartzeko. Era berean, Arzallusek esan du, urtero Donostiako Etxegintzaren etxebizitza ezberdinetan aldaketak egoten direla, eta hutsik gelditzen direnak ere sistema honen bidez esleituko direla.