Baiona - Denboraleak kalteak eragin zituen atzo Ipar Euskal Herrian ere eta Ilarren, Baxe Nafarroan, gizon bat hil zen eguerdian bere autoak bide gainera erori zen zuhaitz bat jo zuelarik. Biktima Oragarreko laboraria zen eta 72 urte zituen. Hainbat abere ito ziren ere Bidaxune aldean. Lapurdiko kostan 125 kilometroko indarra hartu zuen haizeak, euria jausi ahala bota zuen denetan eta ondorioz uholdeak gertatu ziren hamarnaka herritan. Bidarrai edo Kanboko hainbat etxetan ura eta lokatza sartu zen. Uztaritzen ere ez zen giro, Errobi ibaiak komeriak eragin zituen eta kirol zelaia estali zuen berriz ere. Ikastegi batzuek ateak itxi zituzten eta zenbait ekitaldi bertan behera utzi dituzte, tartean Angeluko eguberriko merkatua. Baionan ere begirik ez zieten kentzen Aturri eta Errobi ibaiei atzo. - F. Dolosor