Azken urteotan azkar hedatu da haur euskaldunen artean kanpotik inportatu den Halloween jaia. Nahiz eta trick-or-treat aldarrikatzen duen eredu estatubatuarra gailendu behar zela ematen zuen, jatorri zelta duen ohiturak bere tokia aurkitu du hainbat herritan euskararen inguruan saretuta. Izan ere, badaude Euskal Herrian kalabazak eta arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirela adierazten duten nagusien testigantzak. Era horretara, Gau Beltza bertako moldeetara egokituta antolatzen hasi da Arrasate, Lekeitio, Eibar edota Txantrea bezalako tokietan. Betiere ikuspegi komunitariotik, aurrekontu txikiekin eta eredu jasangarriak bultzatuz. Bide hori jarraitzeko, Euskaltzaleen Topaguneak gida bat atera du abiapuntu bat eskaintzeko ospakizuna egituratu edo biziberri nahi duten elkarteentzat.

“Proposamen ireki bat egin dugu jaia antolatu nahi duen edozein herrirentzat baliagarria izan dadin”, azaltzen du Itsaso Lekuonak, egitasmoaren koordinatzaileak. Horretarako Jaime Altuna eta Josu Ozaita antropologoek idatzitako Itzalitako kalabazen berpiztea hartu dute erreferentzia moduan. Ikerketa lanak ospatzen diren antzeko jai guztiak biltzen ditu, baita garai bateko ohituren lekukotasunak jaso. “Herriz herri ikusi genuen, nahiz eta oso jai ezberdinak izan, bazegoela denetan partekatzen zituzten ezaugarriak”, azaltzen du Lekuonak. Adibide bezala jartzen du naturarekiko lotura berreskuratzea, tokian tokira egokitutako festa parte-hartzailea izatea edota gazteei erdigunea hartzen uztea. “Erraztasunak eman nahi genituen oinarri partekatu batekin jaia antolatu nahi zutenentzat”, dio.

Modu horretara, herriz herri egiten dena bildu dute, “esportagarriena” dena proposatuz. “Konturatu ginen oso zaila zela gida bakar bat egitea. Izan ere, herri batzuetan ludotekan antola-tzen dute, beste ba-tzuetan guraso talde batek. Gainera, ez da berdina Bilbo, Berriz zein Balmasedan antolatzea”, argitzen du Euskaltzaleen Topaguneko koordinatzaileak. Udako Euskal Unibertsitatean egindako ikastaro batean materiala biltzen duen kutxak banatu zituzten. Halaber, informazio guztia bateratzen duen webgune bat sortu dute. Kalabaza tailerra egitea proposatzen dute, hustutzeko tradizioari eutsiz; baita mozorroak etxean dauden erropekin egitea, aurpegia estaliz eta margotuz. Gainera, genero ikuspegia ere txertatu dute. “Erreproduzitzen diren rolen arabera, mutilak izaten dira beldurra ematen dutenak, mozorro beldurgarriekin. Eredu horrekin hautsi nahi genuen, mozorro neutroagoak proposatuz”, argudiatzen du.

Lekuonaren esanetan, “nola gaiak erakargarritasuna sortzen dien egungo gazteei, aukera bat dago festa berri bat egiteko. Ez bakarrik garai batean egiten zelako, guk ere erakargarria den festa bat sortzeko indarra daukagulako”. Halaxe uste du Josu Ozaitak ere. “Polita da nola ari den zabaltzen ikustea eta ikerlari bezala han egotea”, dio antropologoak. Izan ere, azken urteotan, batez ere “komunikabideek hedatutako Halloween komertzialak” hartu duen indarra ikusirik hasi ziren ikertzen. “Behaketa parte-hartzailea egin dugu, zenbait herritara joanez. Adinekoekin elkarrizketak egin ditugu jakiteko beraien garaian zer egiten zuten eta haurrekin ere egon nahi genuen, haien iritzia ezagutzeko”, esplikatzen du antropologoak.

Bere esanetan, tradizioak aldakorrak direla egiaztatzeko aukera izan dute, denbora guztian mugimenduan baitaude. “Adinekoek esaten ziguten beraiek haurrak zirenean baratzeko kalabazak eta arbiak lapurtu eta hustu egiten zituztela, gero kandela bat jarri eta bide izkinan jartzen zituzten jendea beldurtzeko. Garai hartan argi gutxi zegoen eta etxera oinez joan beharra zegoen, beraz, halako elementu bat aurkitzeak beldur asko eman zezakeen”, azaltzen du udazken guztian zehar ematen zen tradizioari buruz, nahiz eta urriaren 31n eta azaroaren 1ean jazotzen zen bereziki. “Kristautasunak indar handia zuen eta egun horietan hildakoak etorri egiten zirela uste zuten, baita hildakoen arimari bidea erakusketan zitzaiela kalabazen bidez”, azaltzen du Ozaitak.

Nafarroan dagoen Etxauriko Bailaran, esaterako, esanguratsua da azaroaren lehen egunean manten-tzen duten ohitura. “Adinekoek esan zigutenez, haurrak zirenean herriko plazan batzen ziren denak eta etxez etxe joaten ziren esaera bat esanez. Garai batean gaztainak eta intxaurrak ematen zizkieten; orain, gozokiak”, jakinarazten du antropologoak Euskal Herrian arrotza ez den ohiturari buruz. Izan ere, Santa Ageda edota San Nikolas bezalako neguko ospakizunetan ere egiten da eske erronda. Bestetik, azken urteotan birsortzen ari den ospakizuna pizteko griña atzetik dator. “Mutrikun 90. hamarkadan hasi ziren orain Euskal Herrian zehar hedatzen hasi den Gau Beltzarekin”, dio Ozaitak, zeinek Leikitioko Katu Baltz jaia ere aipatzen duen. “Azaroaren bigarrena astean izaten da eta gehiago oinarritzen da mitologian, baina an-tzekotasunak ditu”, erakusten du.

Oiartzungo eredua Kasu paradigmatikoa da Oiartzungoa. “Ikusten genuen jendea Halloween ari zela ospatzen, truco o trato eginez etxe etxe”, azaltzen du Nekane Martiarenak, bertako ludotekaren arduradunak. Horrela, baserrietara jo zuten jakiteko ea herrian jaia errotuta ote zegoen. Bestetik, Oier Araolazaren artikuluak ere irakurri zituzten. “Bazegoen zerbait, eta bestea guk asmatu genuen. 2014ean hasi ginen Gau Beltzarekin”, dio Martiarenak. “Lehenengo urtetik harrera ikaragarria izan zuen, plaza bete egin genuen eta urtez urte handitzen joan da”, azaltzen du ludotekako arduradunak. Urtero elementu berriak gehitzen saiatzen diren arren, badago oinarri bat beti errepikatzen dena: “Sua pizten dugu eta bakoitzak bere etxetik ekarritako afaria jaten dugu elkarrekin. Gainera paper baten idazten dugu beldurtzen gaituenak ondoren sutara botatzeko”. Lehenengo urtean, gainera, an-tzerkiak antolatu zituzten herriko txoko ezberdinetan. “Hurrengoan gidoi bat egin genuen herriko idazle baten eskutik txoko horietan benetan gertatu ziren istorioak kontatzeko”, dio Martiarenak. Txoko horiek txiki geratu omen dira, baina jaiak bere horretan jarraituko du. “Aurten ibilbide ezberdina antolatuko dugu”, dio.