Joshua Fishman soziolinguistak 1991 urtean kaleratu zuen Reversing Languaje Shift liburuan nabarmendu zuen lehen aldiz breathing space edo arnasgune bat zein garrantzitsua den hizkuntza baten biziraupenerako eta biziberritzerako. Ordutik, arnasguneak zaintzea gai estrategikotzat hartu da hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan; eta euskara ez da salbuespena izan.

Baina, zein da arnasgune bat? Hauek adierazteko ez dago marra zurrun bat eta, oro har, euskararen ezagutza zein erabilera %80 ingurukoa duten herriak sartzen dira multzo horretan. Hori bai, arnasgune guztiek ezaugarri jakin batzuk betetzen dituzte: bizilagunen lehen hizkuntza euskara da eta erabat naturala da euskaraz bizitzea eremu guztietan; hizkuntza belaunaldiz belaunaldi transmititu da eta bertako bizilagunek egoera guztietarako erabiltzen dute euskera...

Soziolinguistika gaietan adituak direnentzat gai ezaguna bada ere, arnasguneen kontzeptua eta arnasguneen garrantzia arrotz samarra da herritar gehienentzat.

Horregatik, hizkuntza indartzeko euskararen arnasguneek duten garrantziaz jakitun, Hiruko Ituna sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakundeak; UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera arnasguneen garrantzia azpimarratuko duen kanpaina bat abian jartzeko erabakia hartuz.

Eta hori bera da aste honetan Azpeitiko Sanagustin kulturgunean aurkeztu zutena: Arnasa gara; euskararen arnasguneen ahalduntzea eta aitortza sustatzeko elkarlanean prestatutako kanpaina berria.

Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak; Josu Labaka, UEMAko presidenteak, Nagore Alkorta, Azpeitiko alkateak; Koldo Goitia, Lekeitioko alkateak eta Lierni Altuna, Aramaioko alkateak parte hartu zuten ekitaldian.

Guztiek arnasguneek duten “garrantzia” azpimarratzeaz gain, Nafarroako Gobernuaren eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoen babesa ere duen proiektu honen atzean dagoen “lankidetza” nabarmendu zuten.

Agerraldia hasteko, Bingen Zupiria sailburuak Arnasa gara proiektu berriaren helburua azaldu zuen: “euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea, jabetu daitezen gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz”.

Bi fase Astelehenean Azpeitian aurkeztutako Arnasa gara ekimena “urte honen amaierara bitartean garatuko da, bi fasetan”.

Lehenengo fasean “arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da, eta horretarako kanpaina bat jarriko da abian (sareetan eta tokiko hedabideetan) ekimena azaltzeko”. Ahalduntze eta aitortza hori lantzeko, herrietako aurkezpen-ekitaldietan Hiru Damatxo ekoiztetxeak egin duen Kartzela serie digitala aurkeztuko da. “Aurkezle bat arduratuko da saioa gidatzeaz, eta Kartzela serieko bina aktorek ere parte hartuko dute”, aurreratu zuen Zupiriak.

Gainera, arnasguneen garrantzia nabarmentzeko espazioa izango dela kontuan hartuta, hainbat bide erabiliko dira mezua ondo zabaltzeko: ikus-entzunezkoak, hitzaldiak, aktoreen hitz-hartzea... Azkenik, Euskal Herriko 22 udalerritan egingo diren saio horien amaieran herritarrek euren ekarpenak egingo dituzte, mokadu baten lagunduta.

Kanpainaren bigarren fasean, berriz, mezua Euskal Herriko gainerako euskaldunei zuzenduko da.

“Abenduaren erdialdean” serie digitala ikusgai egongo da euskal hiztun guztientzat (EITBk zabalkunde horretan lagunduko du) eta helburua “arnasguneen gaineko mezu hori gune horietan bizi ez diren herritarrei ere helaraztea” izango da. Bigarren fase horretan arnasguneak ezagutzera eman nahi dira eta euskaldun guztion aurrean aitortu egin nahi zaie daukaten garrantzia eta egiten duten ekarpena. Azken batean, “arnasguneen funtzioa oso inportantea da euskararen normalizazioan; euskaraz modu normalizatu eta natural batean bizi ahal dela erakusten digutelako”, amaitu zuen Josu Labakak, UEMAko presidenteak.