BILBO. Euskadik iazko pobrezia-tasa mantendu du egonkortze-dinamika erakuste duen inkestan. Hala ere, Europako batez bestekoaren azpitik jarraitzen du: Euskadikoa % 5,1ekoa da, eta Europakoa, aldiz, % 6koa.

Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Estatistikako Organoak egiten duen inkesta tresna teknikoa, zabala eta funtsezkoa da gizarte-premien bilakaera eta EAEko pobreziaren edo ongizate-adierazleen bilakaera ezagutzeko. Horregatik, irailaren 25erako, jardunaldi tekniko bat antolatuko da, aurreko txostenekin egin den bezala, inkestaren datuen analisiarekin antzematen diren dinamikak eta joerak sakon ezagutzeko.

2016-2018ko Euskadiko bilakaeraren ezaugarria diru-sarreretan izandako igoera da. Horrela, biztanle bakoitzeko diru-sarrera baliokideen mediana, Eurostat pobrezia-mailak ezartzen dituena, % 4,4 igo da 2016-2018 aldian. Pobreziaren eta ongizate-gabeziaren neurketari buruzko emaitzak diru-sarreren goranzko joerak eta horri lotutako bizi-itxaropenek baldintzatzen dituzte.

PGDIk ematen dituen adierazle objektiboek islatzen dituzte pobreziatik eta ongizate-gabeziatik kanpo bizi den gehiengo sozialak hautemandako premietan izandako aldaketak. Egoera horretan dauden kolektiboen pobreziari buruzko pertzepzioan izandako beheraldia aipagarria da, eta PGDI adierazle objektiboak arrisku handieneko pertsonen pertzepzioaren paraleloan aztertzea aholkatzen du. Horrela, egiazta daiteke Euskadin pobrezia errealaren adierazlea egonkortzeko dinamika horren ondoan biztanleria pobreenaren pertzepzioan izandako hobekuntza argia dagoela, eta pobrezia subjektiboaren adierazleek argi eta garbi beherantz egin dutela.

Pertzepzioa

Beren burua pobretzat edo oso pobretzat jotzen duten etxeetako pertsonen proportzioa % 2,7an kokatu da. Proportzioak behera egin du 2012ko eta 2016ko % 3 hartatik, eta 2014ko % 2,6tik hurbil kokatu da. Jada ekonomiaren krisiaren aurreko mailara hurbiltzen ari da, une hartan proportzio hori % 2,1-2,2koa baitzen.

Etxe gutxienez pobre samar batean bizi diren pertsonei dagokienez, proportzioa % 6koa da, 2016ko % 6,2a baino baxuagoa (2 hamarren), eta 2012ko % 7,9 hura baino nabarmen baxuagoa. 2018ko % 6 hori 1996tik izan den baxuena da.

Pobrezia erreal objektiboan dauden pertsonen % 60,8 termino subjektiboetan oinarrizko beharrei aurre egiteko edo nahiko eroso bizitzeko moldatzen direla aitortzen duten etxeetan bizi dira. Proportzio hori maximora iritsi da, eta ekonomiaren krisiaren urteetan % 44 ingurukoa baino ez zen. Horrela, 2012an % 39,5ekoa zen, eta gutxienekoa 2014an izan zen, % 36,1ekoa.

Gizarte-babeseko euskal sistemaren (DSBE/EPO/GLL) babesa izan arren pobreziatik atera ezin diren 70.348 pertsonen kasuan, % 80 erabateko pobreziaren, hau da, beren burua pobretzat edo oso pobretzat jotzen dutenaren, pertzepziotik aldentzen diren etxeetan bizi dira. 2008ko % 78,7 hartatik proportzio altuena da, eta larregi gainditzen du 2016ko % 73,3a, 2014ko % 69,9a eta 2012ko % 68a.

Hobekuntza

Adierazle subjektiboetan hautemandako hobekuntzak oinarri objektibo argiak ditu. Horietako bat da nabarmen murriztu izana elikadurarekin lotutako arazoak eta pobrezia larriaren beste adierazle batzuk diru-sarreren dimentsioan. Pobreziarekin lotura zuzenagoa duten alderdiei dagokienez nabarmentzen da, 2016tik 2018ra, elikadura-premien estalduran izandako hobekuntza argia, eta 2014tik 2016ra hautemandakoa baino nabarmenagoa da. Horrela, azken hamabi hilabeteetan elikadura-premian segurtasunik ezaren arazoren bat izan duen biztanleriaren ehunekoa 2014ko % 7,5etik % 6,7ra jaitsi zen 2016an eta % 3,9ra 2018an (FSS eskala). Ehuneko hori 2000ko % 3,5 hartatik izan den baxuena da.

Hobekuntza elikadurari lotutako segurtasunik ezaren kasu larrietan nahiz oso larrietan hautematen da. Kasu oso larri horiei dagokienez, arazo horien eragina % 3,1etik % 1,8ra jaitsi da 2016tik 2018ra, eta gosea sentitzearekin lotutako egoeretan beherakada % 1,7tik % 1,2ra artekoa izan da.

Elikadurari lotutako arazo larrienei dagokienez hautemandakoarekin koherentzian, ikusi da 2016tik 2018ra behera egin duela bi egunez behin janari proteiniko bat izateko ezintasuna duten pertsonen proportzioa jasotzen duen Eurostat adierazleak. Zifra 2016ko % 3,4tik 2018ko % 2,3ra jaitsi da.

Muturreko pobrezia egoerekin zerikusi zuzena duten adierazleen onerako joera, pobrezia larriaren beste adierazle batzuetan ere hautematen da. Deigarriena hornidura-etenen (ura, argia, telefonoa) dinamikari buruzkoa da. Kasu honetan, egoera horretan dauden pertsonen ehunekoak % 2tik % 1,4ra egin du behera 2016 eta 2018 artean. 2018ko erregistroa 2008ko % 1,6ren azpitik geratu da.

AROPE adierazlearen beheraldia

Oinarrizko ondasun edo zerbitzu batzuk eskuratzeko aukerarik eza kontuan hartzen duen AROPE adierazlearen jaitsierak esanahi berezia du 2016 eta 2018 artean. 2000tik inoizko maila handienera 2016an iritsi zen (% 6,4), eta 2018an % 5,6ra jaitsi da gabezia materialaren inpaktu hori. Adierazle honen joera-aldaketa hori garrantzizkoa da, krisian gehien igo zenetako bat baita.

2018an finkatu zen 2014tik 2016ra pobrezian eta bazterkerian jausteko arriskuaren AROPE adierazle orokorrean hautemandako jaitsiera. Aldi horretan adierazlea, 2014an inoizko maila handienera iritsi ondoren (% 22,7), % 20,6ra jaitsi zen 2016an, eta proportzioari eutsi egin zaio 2018an, % 20,7rekin.

Oinarrizko gastuak

Oinarrizko gastuak murrizteko beharra beherantz egiten ari da Euskadin. Gabezia materialaren AROPE adierazle orokorraren joera positiboa egiaztatu egin du azken urtean oinarrizko gastuak murriztu behar izan dituzten etxeetan bizi diren pertsonen proportzioak nabarmen murriztu izanak. 2018an proportzio hori % 11,7ra murriztu da, 2012 eta 2016ko % 16,5-16,7tik bost puntu inguru.

Hautemandako joerek islatzen dute nabarmen hobetu direla, orokorrean, Euskadin egoera sozioekonomiko okerrenean dagoen biztanleriaren zati handi baten oinarrizko premien estaldura erregularrarekin lotutako bizi-baldintzak.

Metatze-pobreziaren beheranzko joerari eusteari dagokionez, bizi-baldintzekin eta zorpetzeari aurrea hartu ahal izateko gutxieneko erreserba-ondarea izatearekin zerikusia duten alderdietan, 2018ko datuak positiboak dira. Horrela, 2016 eta 2018 artean eutsi egin zaio alderdi horiek neurtzen dituen metatze-pobreziaren adierazlearen beheranzko joerari.

Zorpetzearen prebentzioa

Metatze-pobreziaren adierazleen eta gabezia materialaren murrizketaren bilakaera positiboak adierazten du nahiko baxua dela aurrezkirik gabeko testuinguru batean gastuak diru-sarrerak baino handiagoak izateagatik zorpetzeko arriskuaren adierazlea. Zorpetzeko arrisku hori duten pertsonen ehunekoa nahiko egonkorra izan da 2014 eta 2018 artean, % 2,4tik % 2,3ra jaitsi zen une batean, eta 2008ko % 1,4en gainetik dago (0,9 baino ez).

Euskadik Europan duen posizioa positiboa da, baita gizartearen eta ekonomiaren arloan garatuago dauden herrialdeekin alderatuta ere. Euskadiko pobrezia larriaren tasa (% 5,1) 2018an 28en Europar Batasunari dagokion tasatik (% 6) behera dago.

Euskadi 2018an Europan desberdintasun-mailarik baxuenak zituen gizarteetako bat zen. Euskal Autonomia Erkidegoaren Gini koefizientea 2018an Europar Batasunekoa baino lau puntu baxuagoa zen (26,7 eta 30,7, hurrenez hurren), eta euroko herrialdeetakoa baino 3,7 baxuagoa (26,7 eta 30,4, hurrenez hurren).

Erronkak

PGDIren emaitzek hausnarketarako elementuak eskaintzen dizkigu, bereziki XXI. mendeko industria ondorengo gizarte berrien testuinguruan. Lehentasuna da mantentzea gizarte-babesaren sistemako oinarrizko baldintzak nahiz azken bost urteotan finkatutako enplegua sortzeko eta hazkunderako joera. Horrela lortu ahal izango dira ongizate-maila onargarriak lan ezegonkorrak eta behin-behinekotasunak, horri lotutako soldata baxuek eta erreserbako ondare mugatua izateak baldintzatzen duten agertokiari aurre egin behar dion biztanleriarentzat.