BILBO. Parkinson gaitza dutenentzat bastoi adimendun bat irailean irtengo da merkatura. Asturiasko konpainia batek garatu du bastoia. Gailua adimen artifizialez eta sentsore bisual eta haptikoz hornituta dago.

Pauto gailuaren helburua da Parkinson gaitza duten pazienteen premia zehatz bati erantzutea, paziente horiek “ibileraren blokeoak” izaten dituztelako (FOG, ingelesezko freezing of gait hitzen siglak). Nahiz eta existitzen diren pazientea desblokeatzen duten laser bastoiak, elkarteko kideek beste arazo baten berri eman zieten i4Life ekimeneko ingeniariei: laserra ez da ondo ikusten kanpoaldean eta, horregatik, bastoi horiek barruan bakarrik erabil daitezke. Orduan hasi ziren konponbide hau garatzen, gabezia horiek gainditzeko.

Hala, bastoi adimendun eta konektatu bat sortu dute, pazientea blokeatzen denean estimulu bisual eta haptikoak bidaltzen dizkiona desblokeatzen laguntzeko. Bi laser diodo dauzka, berde bat eta gorri bat, lerro bat eta puntu bat proiektatzen dituztenak.

Estatu mailan patentatutako bastoi honek komunikazio-modulu propio bat dauka, 2G nahiz 4G sareekin funtzionatu dezakeena eta prest dago etorkizuneko 5G sareak iristen direnerako ere. Gainera, Pauto bastoiak GPS eta GLONASS posizionamendu-modulu aurreratu bat dauka inplementatuta, desorientatuta dauden erabiltzaileak lokalizatu ahal izateko, posible delarik dementzia motaren bat -adibidez Alzheimerra- duten paziente gehiagorekin ere erabiltzea.

Hala, erabiltzaileak berak, senitarteko batek edo zaintzaile batek aurrez horretarako baimena ematen badu, bastoiak laguntza-seinaleak bidal ditzake botoiari sakatuta eta posible da baita ere zona seguruak markatzea, adibidez, bi kilometroko eremu bat etxearen inguruan.