BILBAO. Ertzaintzak eta Udaltzaingoak gisa horretako delituak saihesteko prestatu duten prebentzio-dispositiboari esker, gaur gauean, Georgiako nazionalitateko lau gizonezko atxilotu dituzte Arabako hiriburuan, azken egun hauetan zenbait etxebizitzatan izandako lapurretetan nahastuta daudelakoan. Salatutako beste kasu batzuetan ere inplikatuta dauden ikertzen ari dira.

Azken aste honetan, Vitoria-Gasteizko Ertzain-etxeak etxebizitzetan izandako hamar bat lapurreta erregistratu ditu, eta zertxobait gora egin dute Arabako hiriburuan gisa horretako delituek. Hilabete honetan ohikoa izaten da gisa horretako delituen nolabaiteko gorakada, delitugileek jakin baitakite herritar asko oporraldiaz gozatzeko etxetik irteten direla eta, hartara, etxebizitzak hutsik geratzen direla. Hortaz, inguruabar hori baliatzen dute lapurretak egiteko.

Uda honetan delitu tipologia horri aurre egiteko, Ertzaintzak eta Vitoria-Gasteizko Udaltzaingoak baterako prebentzio-dispositiboa jarri dute abian. Horretarako, uniformez zein kalez jantzitako agenteez osatutako zaintza-taldeak antolatu dituzte, eta hiriko barrutietatik hedatu dituzte. Horrez gain, balizko egile izan daitezkeenak zaintzeko eta kontrolatzeko dispositiboak ere ezarri dira, eta bi polizien arteko informazio-trukearekin indartu da zaintza- eta kontrol-lan hori.

Prebentziozko lan horren ondorioz, gaur goizaldean, Arabako hiriburuan, Georgiako nazionalitateko lau gizonezko atxilotu dituzte, azken egun hauetan etxebizitzetan izan diren zenbait lapurretatan nahastuta daudelakoan. Une honetan ikerketa zabalik dago eta salatutako beste kasu batzuetan inplikatuta dauden ikertzen ari dira.

Bestalde, herritarren prebentzio-zereginak ere garrantzi handia izan dezake dispositibo horretan, eta, hartara, laguntza eskatzen zaie herritarrei. Gomendatzen zaie etxebizitzen inguruan pertsona susmagarriak ikusten badituzte, edo etxebizitza partikularretara sartzeko ateetan markagailuak aurkitzen badituzte, SOSDeiak 112 larrialdi-zentroari jakinaraztea. Koordinazio-zentro horrek polizia bidaliko du, susmagarriak identifikatzeko eta sarrerako ateak ikuskatzeko.

Delitugileek askotariko markagailuak erabiltzen dituzte etxebizitzak markatzeko; izan daiteke atearen eta markoaren artean jarritako 'plastiko zati bat' edo 'kola-hari bat' edo sarrailaren barruan sartutako 'paperezko tututxo' bat (erantsitako argazkietan ikus daitekeen moduan).