Bilbo - Bizkaiko Foru Aldundiak Gorbeibusa jarriko du martxan aurten ere San Inazio egunean, uztailaren 31n, hamaikagarren urtez jarraian. Doako autobus zerbitzuaren bidez Gorbeiara igo ahal izango da egun horretan, eta horrela, Arratiako eta Nerbioiko tradizioa bete ahal izango da. Zerbitzua helburu bikoitzarekin ematen da: ingurune naturala babestea eta mendi ezagun horretako pistetan zirkulazio arazorik ez egotea. “Horrela, ingurune natural hori hobeto zainduko da hainbat pertsona hurbiltzen diren egun horretan”, nabarmendu dute foru erakundetik. Gorbeibusek goizeko 07:00etan egingo du lehenengo bidaia Areatzatik, udal igerilekuetatik hurbil, Pagomakurrera igotzeko. Parke Naturaleko gune horretatik itzultzeko azken bidaia 19:00etan izango da. Autobusak 20 minutuan behin irtengo dira bi noranzkoetan. Areatzara autoz doazen pertsonentzat zazpi aparkaleku prestatu dituzte. Aparkalekuak leku estrategikoetan daude, autobus zerbitzuaren abiapuntura erraz heldu ahal izateko. Era berean, eta ibilgailuen eta pertsonen pilaketak eragin ditzakeen ingurumen ondorio negatiboak ekiditeko, debekatuta dago uztailaren 27tik 31ra Parke Naturalean kanpatzea edo gaua igarotzea. - DEIA