BILBO. Andres Urrutiak "Euskara, XXI. mendeko hizkuntza" izeneko hitzaldaiaeskainiko du ekainaren 14an, Bilboko Merkataritza Ganberan, goizeko 09:00etan. Mintzaldia "Ganberako Ostiralak" zikloaren barruan dago.

Bilboko Merkataritza Ganberatik adierazi dute euskarak gaur egun bizi dituen hainbat errealitate "pentsaezinak" zirela duela zenbait urte, eta "baserri giroko gizarte batetik gizarte urbano batera igarotzeko egin duen jauzia" aldi berean gertatu dela "bera mintzatzen den lurraldeetan gizarteak izan duen bilakaerarekin".

"Hizkuntza ofiziala bihurtu da; muturra sartu du, gutxi bada ere, esparru sozioekonomikoan; erabilia da ekoizpen sektore berrietan; gora egin du euskarazko irakaskuntzak eta kulturak; teknologia berriak euskararekin uztartu dira. Faktore horiek guztiak euskararen zabalkunde sozialaren adierazgarri dira, baina, aldi berean, lan handia da euskara belaunaldi berriei helaraztea mundu gero eta globalizatuago honetan, zeinetan ingelesa, gaztelania edo frantsesa bezalako hizkuntzak nagusi diren", azaldu dute.

Horregatik guztiagatik, merkataritza erakundeak "beharrezko" ikusten du ekarpenak egitea denon artean, "aztertzeko zer norabide hartuko duen euskarak etorkizunean euskal gizartean, hala komunikazio tresna gisa nola nortasun adierazle eta pizgarri ekonomiko bezala, eta ikustea zer rol joka dezakeen Euskaltzaindiak prozesu horretan".