BILBO. Euskaltzaindiak 26 hizlari bilduko ditu Akademiaren egoitzan, Bilbon ostegunean eta ostiralean, Nazioarteko Literatura jardunaldian. Jardunaldia streaming bidez eskainiko da: ostegunean https://youtu.be/8Ckmdhaukjk estekan, eta ostiralean https://youtu.be/3gWyTze0-4g estekan.

Euskaltzaindiaren mendeurreneko seigarren jardunaldi akademikoa izango da, eta "Idazkien eta hizkuntzen arteko itzulpena: eskuizkribuak, inprimakiak, literatura-artxiboak" izenburuarekin egingo da, Euskararen Akademiak jakinarazi duenez.

Aurelia Arkotxa euskaltzain eta jardunaldiko koordinatzaileak agertu ditu biltzar berriaren helburuak: "Idazlearen tailerrean geratzen den mundu aberats hori aztertu nahi dugu, horretaz gogoeta egin, Iberiar geografian agertzen diren berezitasunei erreparatuz, eta, bereziki, euskal eremuan agertzen direnei".

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak, Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak eta Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak parte hartuko dute aurkezpen ekitaldian, 09:00etan, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin eta Aurelia Arkotxa euskaltzainarekin batera. Ondoren, Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzainak "Egilearen aitorpenak" mintzaldia eskainiko du.

Guztira 26 hizlari egongo dira, besteak beste, Aurelia Arkotxa eta Bernardo Atxagarekin batera, Olga Anokhina (ITEM), Delfina Cabrera (La Platako Unibertsitatea), Rainier Grutman (Ottawako Unibertsitatea), Mari Jose Olaziregi (EHU), Max Hidalgo (Bartzelonako Unibertsitatea), Joseba Lakarra (Euskaltzaindia-EHU) edo Miren Ibarluzea (EHU).