BILBAO. Euskal Herriko Unibertsitateak Master Eguna antolatuko du ostegunean, Bilboko Bizkaia aretoan. Han 2019-2020 ikasturterako master eskaintza aurkeztuko da, guztira 106 unibertsitate master eta 32 berezko master.

Masterren eskaintza osorik ezagutzeko interesa dutenek ostegunean izango dute aukera, arratsaldeko 15:30etik 20:00etara, Bizkaia Aretoan, master arduradunek beren programak aurkeztu eta egiten zaizkien galderei erantzungo baitiete.

Halaber, mugikortasunari, bekei, matrikulazio prozesuari eta abarri buruzko informazioa lortu ahal izango da. Jardunaldia amaitzeko, arratsaldeko 19:00etan, aintzatespen ekitaldi bat izango da, eta diplomak emango zaizkie 2017-2018 ikasturtean espediente akademiko onena izan zuten EHUko master ikasleei.

EHUk jakinarazi duenez, Europar Batasunak bultzatzen du Erasmus Mundus programa, Europako goi mailako hezkuntzaren kalitatea bultzatzeko helburuarekin. Programaren ekintza nagusietako bat da laguntza eskaintzea garrantziagatik eta kalitate akademiko bikainagatik hautatzen dituzten master eta doktoretza programa bateratuei. Gainera, haietako batzuek finantziazioa ere lortzen dute. Estatuko unibertsitate bakar batek ematen ditu EHUk baino Erasmus Mundus master gehiago, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoak, hain zuzen.

Horrela, lehendik eskaintzen zituen hiru Erasmus Mundus masterrei beste hiru berri gehituko dizkio EHUk datorren ikasturtean: Itsas Baliabide Biologikoak Erasmus Mundus, Itsas Ingurumena eta Baliabideak Erasmus Mundus eta Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean Erasmus Mundus. "Eskaintza honek indartu egiten du EHUk nazioartekotzearen alde egin duen apustua, gure ardatz estrategikoetako bat baita. Gainera, aukera emango die ikasleei Europako izen handiko unibertsitate programetan sartzeko, eta, hala, aukera izango dute hainbat lekutako ikasle eta irakasleekin trebakuntza esperientziak partekatzeko. Hori guztia oso funtsezkoa da gaur egungo mundu global honetarako", azaldu du Araceli Garin Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordeak.

Hiru Erasmus Mundus master berriez gainera, Subiranotasuna Europako Herrietan masterra eskainiko da lehen aldiz datorren ikasturtean, euskaraz.