BILBAO. Minneapoliseko South Central College institutuko Ostalaritza ikasleak Euskadin izan dira bisitan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Minnesotako Hezkuntza Sailak lorturiko hitzarmenari esker. Ostalaritzako 15 ikaslek euren prestakuntza hobetzeko etorri dira Euskadira. Datozen hilabeteetan Euskadiko ikasleak ere Minnesotara joango dira.

Bi irakasle lagun dituztela, 15 ikasle estatubatuarrek bertatik beratara ezagutu dituzte euskal gastronomiaren alderdirik nagusienak. Euskadiko egonaldi honetan, beste zenbait jardueraren artean, ikasle hauek gazta nola egiten den edo artisau txokolategintza ezagutu dituzte.

Era berean, Donostiako Cebank-eko eta Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikasleekin batera ere aritu dira sukaldeko lanean. Jaso duten prestakuntza honetan, ikasle amerikarrek euskal gastronomian ohikoak ditugun produktuak erabiltzen ikasi dute, baina baita nazioarteko zenbait plateretan erabiltzen diren sukaldaritza teknikak ere.

Eusko Jaurlaritza eta Minnesotako Estatuaren arteko akordioa

Zenbait urteko elkarlanaren ondotik, 2016an Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Minnesotako Gobernuko Hezkuntza kantzilerrak akordioa sinatu zuten, nork bere ikasleen prestakuntza indartu eta aldatzeko helburuz.

Akordio hari esker, besteak beste, Euskadiko Lanbide Heziketako irakasleek Minnesotako prestakuntza praktikak bertatik beratara ezagutzeko aukera izan dute, baina baita alderantziz ere, Ipar Amerikako irakasleek ere Euskadiko Lanbide Heziketa bisitatu baitute berriki.

Egun hauetan ikasle amerikarrek gure artean egin duten bisitak jarraipena izango du datozen hilabeteetan, esperientzia hau beste lanbide arlo batzuetara zabalduz.

Euskal ikasleek Minnesotako Lanbide Heziketa bisitatzea aurreikusten da, eta aldi beran, arlo industrialeko beste ikasle talde amerikar batek ere Euskadiko Lanbide Heziketa bertatik bertara ezagutuko du.