AZTI ikerketa bat gidatzen ari da

Klima aldaketa ondo datorkio Bizkaiko golkoko antxoari

08.02.2020 | 19:25
Bizkaiko golkoko antxoa aurre egiten ari zaio klima aldaketari.

BILBO. Klima aldaketa ondo datorkio Bizkaiko golkoko antxoari. Iaz, munduko batez besteko tenperatura laugarren altuena izan zen datuak daudenetik. AZTIkeko  txosten baten arabera Klima aldaketa ondo datorkio Bizkaiko golkoko antxoari  espezie horren banaketa gune tropikaletatik epeletara hedatzen baita.

Ikerketak Eusko Jaurlaritzak eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak finantzatutako hainbat proiektu elkartzen ditu, eta bere xedea izan da klima aldaketak arrantzan izango duen inpaktua ezagutzea, baita ere stocken etorkizuneko bilakaera ere, arrantza sektorean gerta daitezkeen galera ekonomikoak minimizatzeko.

AZTIko klima aldaketaren aditu Guillem Chustek azaldu duenez, azterketaren asmoa da klima aldaketak arrantzatokietan izango dituen eraginei aurrea hartzea.Zehazki, Chustek baieztatu duenez, "dagoeneko hauteman dugu ozeanoko goiko geruzen beroketa eragiten ari dela arrain espezie batzuk poloetarantz lekualdatzea, Bizkaiko golkoan ur beroagoetako espezieak sartzea, eta ur hotzagoetakoak murriztea, baita ere migrazioen sasoikotasun aldatzea".Gainera, adituak dioenez, "lekualdaketa bertikal bat ere gertatzen ari da, sakoneran ur hotzagoak bilatzeko, eta baita ere ur zutabearen estratifikazio termiko bat ere, eta horrek planktonaren biomasa urritzea eragingo du (arrain pelagiko txikien elikadura iturri nagusia da)".Azkenik, amaitzeko adierazi duenez, "horrek guztiak eragina izango du baita ere Bizkaiko golkoko itsas baliabideen ustiapenean, espezie batzuk garaile eta beste batzuk galtzaile izango direlarik".

Horrenbestez, AZTIko ikertzaileek aztertu egin dute klima aldaketak izan dezakeen eragina arrainen ugaritasunean, banaketan eta errunaldian, proposamenak aurkezteko helburuarekin, arrantza sektorea egoera berrira egokitu ahal izan dadin eta itsasoko baliabideak ahalik eta eraginik txikienarekin kudeatu daitezen.

Diagnostiko baikorra antxoarentzat, ezkorra aingirarentzat

Azterketaren arabera, klima aldaketak izango dituen eraginen adibide argi bat da berdelaren errunaldiaren banaketa:Hauteman da bere zentro latitudinala hamarkada bakoitzean iparralderantz 16 km desplazatzen dela 1992tik. Halaber, ICDESek (International Council for the Exploration of the Sea) AZTIren partaidetzarekin, Europako 21 espezie komertzial nagusiei buruz egin berri duen azterketa baten arabera, detektatu da espezie horietatik 16tan banaketa aldatu egin dela, eta itsasoaren tenperatuaren aldakortasuna da horretarako faktore nagusietako bat.

Zentro teknologikoaren azterketek diagnostiko baikorra eskaintzen dute Bizkaiko golkoko antxoarentzat, izan ere, aurreikusten da, XXI. mendeak aurrera egin ahala, arrautzen ekoizpena eta erruteko guneak handitu egingo direla. Bizi laburra duen arren, eta 1 urte eskasarekin ugaltzen den arren, Chusten hitzetan, antxoa "nitxo termal zabaleko espezie bat da, gune tropikaletatik epeletara, eta, ondorioz, itsasoaren beroketari begira duen tolerantzia handiagoa da". Azterketa dio espezie hori erresistentea dela, eta, are gehiago, fenomeno horrek mesede egin diezaioke inguru hauetan, nahiz eta beste pelagiko batzuekin lehiatu beharko den, edo bere predatzaileekin interakzioan jardun, gerta baitaiteke horien ugaritasuna ere aldatzea eta, horrenbestez, etorkizuneko jokaleku hori aldatzea.

Gainera, azterketak erakutsi du antxoaren errunaldia hamarkada bakoitzean 6 egun aurreratu dela 1987tik. Sasoikotasuna funtsezko faktorea da espezie pelagiko askoren bizitza zikloan, errunaldiaren unea edo migrazioaren hasiera baldintzatzen duelako, eta hor, beste faktore batzuen artean, itsasoaren tenperatura eta geruza desberdinen nahasketa hartu behar da kontuan. AZTIk hauteman duen beste adibide bat da hegaluzea lehenago iristen ari delaBizkaiko golkora, 2 egun lehenago hamarkada bakoitzean, 1982tik.

Atungorriari dagokionez, ahalmen termorregulatzaile handia duen espeziea izanik, aurreikusten da bere banaketa Atlantikoko uretara hedatzea, batez ere ale handiei dagokienez. Jubenilei dagokienez, aurreikusten da Bizkaiko golkoa bisitatzen jarraituko dutela, batez ere antxoak egoten jarraitzen badu.

Halaber,atunen familiakoa den atun mojari erreparatuta,azterketak dio daitekeena dela espeziea iparralderantz aldatzea.Horrek eragina izan dezake gune tropikalean espezie horren inguruko arrantzari, eta harrapaketak gune tropikalagoetatik Kantaurirantz aldatzea.Atun moja iparralderantz aldatzea mesedegarria litzateke inguraketako arrantza tropikalerako, horren helburuko espezieak izanik marraduna eta atun hegal horia, izan ere, atun moja saihesten zaila den harrapaketa gehigarria da.Edonola ere, AZTIko ikertzaileek ohartarazi dutenez, "tunido horien gainean neurri zehatzak hartu baino lehen, beharrezkoa da joerak etengabe monitorizatzea, eta proiekzioak hobetzea, emaitzak berresteko eta ziurgabetasun maila murrizteko".

Ibai aingirari dagokionez, zeina egoera kritikoan baitago, azterketak dio klima aldaketa gehitu egin litekeela dagoeneko gainean dituen mehatxu larrietara (habitataren galera, arrantza ustiapen jasanezina eta zentral hidroelektrikoetako turbinetan hiltzea, besteak beste).Horrenbestez, mehatxu gehigarri hori kontuan hartuta, gomendatzen da Lehengoratze Planean aurreikusitako kontserbazio neurriak indartzea eta zabaltzea, etorkizuneko biziraupena segurtatzen saiatzeko.