BILBO. UPV/EHUko Unibertsitate Orientaziorako Azokek 10.800 bisitari jaso dituzte. Azoka hauek unibertsitate aurreko ikasleen zalantzak argitzeko helburua dute.

Zehazki, Gipuzkoako Campusean azoka urtarrilaren 26an izan zen eta 4.398 bisitari egon ziren; Arabako Campusean otsailaren 2an ospatu zen eta 2.172 pertsona hurbildu ziren; eta, azkenik, Bizkaiko Campusean otsailaren 9ean egin zen, eta 4.290 bisitari hartu zituen. Guztira, beraz, 10.860 bisitari egon dira.

Azoketan, UPV/EHUko ikastegi guztietako irakasleek nahiz unibertsitateko zenbait zerbitzutako langileek informazio zehatza ematen diete ikasleei, bai UPV/EHUk eskaintzen dituen gradu guztiei buruz, bai mugikortasun-programen, graduondokoen, tasa nahiz beken, unibertsitateko ostatu nahiz garraioaren, kirol-jardueren, unibertsitate-orientazioaren eta abarren gainean.

UPV/EHUk urtero garatzen du Unibertsitatera Sartzeko Programa, unibertsitate-aurreko ikasleek ahalik eta informazio gehien izan dezaten ikasketak hautatu aurretik, eta Unibertsitate Orientaziorako Azokak programa horren baitan kokatuta daude, haren bigarren fasean, hain zuzen. Lehen fasean, urtarrilean unibertsitate-aurreko ikasleei interesatzen zaizkien graduei buruzko Jarduera Praktikoak burutu ziren (Ikastegietan egiten diren jarduerak dira eta horietan aktiboki parte hartu eta unibertsitate ikasketei buruzko informazioa hobetzen du ikasleak). Halaber, otsailean ere egin dira beste Jarduera Praktiko batzuk ere.

Bestalde, Ate Irekien Jardunaldietan parte hartzeko inskripzioa ere irekita dago. Jardunaldiak martxoaren 22tik 30era bitartean izango dira. Izena ematea martxoaren 11etik 17era bitartean web gunearen bidez egin.

UPV/EHUko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak adierazi duenez: “Unibertsitate aurreko ikasleek oso ondo jakin behar dute zer eskaintza akademikoa dagoen haien bizitzako etapa horretan hartu beharreko erabaki garrantzitsuenetako bat hartu aurretik. Eta, horretarako, orientazio azokak oso funtsezkoak dira erabakirik onena hartzen laguntzeko. Pizten duten interes hori dela eta, gero eta bisitari gehiago datoz azoketara”.