Donostia - Frantziako Estatuak berriro ere ukatu egin dizkio Seaskari datorren ikasturterako behar dituen irakasle berriak. Bihar bertan abiatuko duten ikasturtean 250 ikasle gehiago izango dituzte Iparraldeko ikastolek eta horien eta gainerakoen hezkuntza bermatzeko 25 irakasle berri behar dituzte. Frantziak bost eta erdi eman dizkio bakarrik (Hezkuntza Ministerioaren menpe daude zuzenean eskola publiko eta pribatuetako irakasleak) eta horrela egoera bideragarria ez denez, berriro ere protesta egin dute aste honetan Seaskako ordezkariek.

Hala, Baionatik abiatuta 300 irakasle eta langile inguru bildu ziren ostiralean Hezkuntza Ministerioaren Paueko Ikuskaritzaren egoitzaren aurrean, Kasu, ikastola kexu! lelopean. Pierre Barriere ikuskariarekin hitz egitea lortu zuten eta honek baliabide edo irakasle gehiago banatzerik ez duela erantzun zien, Asanblea Nazionalak erabakitzen duen kontua dela eta. Dena den, ikuskaritzak Seaskarekin duen hitzarmena berritzeko prest dagoela esan zien Barrierek eta asteartean bertan bilduko da Paxkal Indo Iparraldeko ikastolen lehendakariarekin horren inguruan hitz egiteko.

Hitzarmena berritzeaz gain, Seaskako ordezkarien aldarrikapena haien hezkuntza sistema propioa aitortzea da eta hortik abiatuta baliabideak bermatzea. Orain artean, dena den, Frantziako Estatuko ordezkarien jarrera salatu dute, murgiltze eredua ez dutelako ezagutzen eta ikastolen ezaugarriak ere ez. Seaskaren ikasle guztiak kontuan hartuta irakasle nahikoak dituztela esan diete, ikastetxe eta gela kopuruari erreparatu gabe eta ikasle gutxi dituzten ikastetxeen beharra zalantzan jarrita. Gobernu aldaketarekin egoera zaildu egin dela ere salatu dute ikastolek eta irakasle berririk gabe egun indarrean duten hitzarmena ere ez dela bete-tzen. Udaberrian irakasle berririk izango ez zutela esan zietenean abiatu zituzten mobilizazioak Seaskakoek eta maiatzean manifestazio erraldoi bat ere egin zuten Baionan. Herri Urrats jaialdia haien aldarrikapena zabaltzeko baliatu zuten eta hilabeteak pasata, bost irakasle eta erdi onartzea erabaki du ikuskaritzak. -