BILBO. Bero boladak azken 15 urteotan herritarren osasunean izan ahal duten eragina erlazionatuko dituen azterlan bat egiteko hitzarmena sinatu dute Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak eta Jon Darpón Osasuneko sailburuak. Horren helburua, herritarrei ematen zaien arreta hobetzea eta erabilgarri dauden baliabideak optimizatzea da.
Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari tenperatura oso altuak edo tenperatura altu iraunkorrak izan diren denboraldiekin erlaziona daitezkeen osasun arazoei edo heriotzei buruzko datuak emateko konpromisoa hartu du Osakidetzak hitzarmenarekin.
Euskadiko herritarren patologietan duten eragina hobeto ezagutzea da azterlanaren helburu nagusia. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak Osakidetzak emandako 2001etik 2016ra bitarteko informazioarekin egingo du ikerketa.
Horrela, Euskalmet Meteorologiaren Euskal Agentziak eta Osakidetzak informazioa trukatuko dute azterketa historikoetan oinarritutako datu base bat osatzeko, eta horri esker bero boladek herritarren osasunean izaten duten benetako eraginaren indizeak ezarri ahal izango dira.
Gaur egun, Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak automatikoki ezartzen ditu abisu horiak, alerta laranjak eta alarma gorriak, aurreikusitako baldintza meteorologiko txar bakoitzean espero den eraginaren arabera.
Datu objektibo eta egiaztatuetan oinarrituko den lankidetza hitzarmenari esker, abisu sistema hobeto egokituko da bero boladek giza talde jakinetan duten intzidentziara, haren adinaren, gaitz motaren, bizi diren eremu geografikoaren eta abarren arabera.
Berez, meteorologiaren ikuspegitik, bero-boladen ondorioak ez dira uniformeak izaten, aldatu egiten baitira hezetasun erlatiboaren, tenperaturen iraunkortasunaren eta beste aldagai batzuen arabera. Horrela, euskal herritarrek prebentzio zerbitzu hobea izango dute, eta behar adinako aurrerapenez ohartaraziko die tenperatura altuen balizko arriskuez.