Zumaiako Oikia auzoko eta Zestoako Arroa Beheko eskola txikiek asko dute amankomunean. Urteak dira eraikin berria eskatzen hasi zirenetik, eta bilera, borroka eta esfortzu askoren ondoren, ametsa errealitate bihurtzeko zorian da bi kasuetan. Gainera, beste zerbait ere elkarbanatzen dute: Gipuzkoako Eskola Txikien Festa 2017an Arroa Behean egin ondoren, Oikiari pasatu zioten testigua joan den ekainean eta aurten auzo zumaiarreko eskolak antolatuko du jaia.
Zestoako Arroa Beheko eraikin berriari dagokionez, hilabete honetan bertan hasiko dira obrak, Eusko Jaurlaritzak eta Altuna y Uria SA enpresak akordioa sinatu ondoren. Behin lanak hasita, urtebeteko epea izango du enpresa lanak amaitzeko. Beraz, 2019ako apirilerako eskola berria martxan izatea espero da eta Sakulupe Guraso Elkartetik zehaztu dutenez, Sansinenea industriagunera bidean dagoen zelai handian egingo da eraikina.
“Bidea luzea izan da eta albistea oso gustura jaso dugu, ilusio handiarekin. Urte asko izan dira lanean; izan ere, 2014an hasi ginen Eusko Jaurlaritzarekin bilerak izaten, baina hori baino lehen Zestoako Udalak eta guraso elkarteak lan handia egin zuten”, azaltzen du Guraso Elkarteko Maider Cachonek. Horretaz gain, Zestoako Udalak eraikin berria eraikitzeko beharrezkoak diren azpiegitura lanak egin zituen joan den urrian.
Eskola berria solairu bakarrekoa izango da, 1.000 metro karratu inguruko azalera izango du (900 metro karratu itxitako azalerarekin, eta 125 metro karratu jolaserako portxearekin), eta jangela, irakasle gela, artxiboa, liburutegia, instalazio eta garbiketa gelak, erabilera anitzeko gela, komunak eta dutxak, eta 45 metro karratu inguruko sei gela izango ditu. Gainera, Haur Hezkuntzako haurrentzat egokitutako jolastokia eta baratzak ere izango ditu.
Cachonen arabera, “oso polita izango da eraikina, ingurura ondo integratuta geldituko dena”. Gainera, haurrek ere beren proiektu bat bezala ikusten dute eskola berria, “parte-hartze aktiboa” izan dutelako eta “gogoz eta ilusio handiarekin” daude.
Oikiako eskola berriaren kasuan, gehiago itxaron beharko dute eraikin berriaz gozatu ahal izateko, lanak egiteko lizitazioa joan den astean atera zelako. Hala, eraikin berriaren proiektua idatzita eta onartuta dago, eta orain eskaerak aurkezteko epea izango dute enpresek apirilaren 3a arte. Horren ondoren, obrak esleitu eta urtea amaitu baino lehen hasiko dira obrak, eta urte eta erdiko epea izango du enpresa esleipendunak lanak amaitzeko. Hala adierazi dio behintzat egunkari honi Itziar Garciarena Oikiako eskolako zuzendariak. Eraikin berria egiteko aurrekontua 1.728.541 eurokoa da, eta Zumaiako Udalak joan den astean jakinarazi zuenez, solairu bakarrean eraikiko da eskola eta 733 metro karratuko azalera izango du. Eraikinaren baitan bost gela egongo dira: bi urtekoa, erabilera anitzekoa, talde txikientzako gela eta beste bi gela arrunt. Horrez gain, liburutegia eta jangela ere izango ditu, baita 112 metro karratuko aterpea ere.
“Duela hamairu urte hasi nintzen zuzendari lanetan eta ordurako gurasoak hasita zeuden eskola berriaren eskaerarekin. Lizitazioaren albistea, zalantzarik gabe, oso pozgarria da, eta batez ere, gurasoengatik pozten naiz urte askoan ibili baitira borrokan”, dio Oikiako eskolako zuzendariak.
Garciarenak argi du aldaketa “guztientzako” izango dela onuragarria, bai irakasle, bai guraso eta haurrentzat ere: “Gaur egun jangela frontoian daukagu eta haur guztiak bertara eraman behar izaten ditugunez, oztopo handia da gure-tzako. Beraz, instalakuntza guztiak eraikin batean izatea aurrerapauso handia izango da”.
Aurten, gainera, Gipuzkoako Eskola Txikien festa antolatu behar dute, eta zentzu horretan, 2018 urtea “oso berezia” izango delakoan dago. “Denak ilusio handiarekin gaude, urte polita izango delako. Eskola berria izango dugu eta festa antolatzeko batzordeak ere sortu dira. Buru belarri gabiltza lanean”,nabarmentzen du zuzendariak.
Eskola txikiek borrokarako indarra eta gogoa dutela erakutsi dute eta, azkenean, lanak emango ditu bere fruituak. Bi eraikuntza berri hauekin eskola txikiek bizirik jarraituko dute, hezkuntza sistema publikoari eta, batez ere, auzo txikiei berebiziko ekarpena eginez.