BILBO. Hain zuzen, edizio honetan hiru sari eta ohorezko aipamen bat jaso ditu Osakidetzak, eta finalista izan da beste zortzi kategoriatan ere.

Horrela, Bilbo-Basurto ESIk saria jaso du Esklerosi Anizkoitzeko Unitateagatik eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Zerbitzu Pediatriko hoberenagatik; Araba ESIk, berriz, Oinazearen Unitateagatik lortu du saria. Aitorpen horiei gehitu behar zaie Osakidetzak lortutako e-osasuneko proiektu hoberenen Ohorezko Aipamena "Osakidetzako diagnostiko biologikoko sarea" proiektuagatik.

Horrez gain, jasotako sariez gain, Bilbo-Basurto ESI, Donostia Unibertsitate Ospitalea eta Araba Ospitale Psikiatrikoa finalista geratu dira beste zortzi kategoriatan.

Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendari Antonio Arraiza doktorea pozik agertu zen sari banaketan lortutako sariekin. "Egindako lana aitortzeaz gain, bultzada bat dira Osakidetza pertsonen arretan eta kudeaketan egiten ari den bikaintasunaren ildoan jarraitzeko; horri esker, euskal gizarteak gure osasun sistemaz fidatzen jarraitzen du", adierazi du.

Best in Class sariak Contenidos e Información de Salud argitaletxearen "Gaceta Médica" argitalpenak eta Rey Juan Carlos Unibertsitateko Osasun Berrikuntza eta Kudeaketa Katedrak sustatutako ekimena da.

Lehen mailako arretako zentro hoberenari, ospitale hoberenari eta zerbitzu eta unitate hoberenei ematen zaizkie aurkeztu diren erakundeen artean ICAP (pazientearen arretaren kalitate indizea) puntuazio hoberena lortzean. Edizio honetan 871 zerbitzu eta 64 ospitale aurkeztu dira.

ICAP indizeak, besteak beste, esparru hauetako emaitza kuantitatibo eta kualitatiboak jasotzen ditu: arreta, irisgarritasuna, zerbitzu zorroa, bezeroen gogobetetzea, informazioa intereseko taldeei eta lortutako aitorpenak.