legazpi - Ugarte mantenimendua ikasten ari da Goierri Eskolan. Eskolak abenduan bukatuko ditu eta proiektua egin ondoren praktikak egingo ditu. Poloniara joatea gustatuko litzaioke. Han egon diren lagunek herrialde polita eta merkea dela eta poloniarrak jatorrak direla esan diote. Gainera, Polonia ere mendizale herria da.
Nolatan halako mendizaletasuna?
-Umetan asko joaten nintzen mendira, aitarekin. Gehienetan, derrigortuta. Nazkatu egin nintzen eta mendira joateari utzi nion, baina 13 urterekin berriro aitarekin mendira joatean hasi nintzen. Mendi martxa luzeetan parte hartzen genuen. Orduan engantxatu nintzen. Iraupen luzeko ibilaldien zirkuituko martxa askotan parte hartu genuen.
Nondik nora ibili zara azken urteetan?
-Lagunak ez ziren animatzen eta nire kabuz Aizkorri aldera joaten hasi nintzen. Ibilaldi luzeetara joatea ere gustatzen zait eta Donostiara dezentetan joan naiz.
Askotan egon al zara Pirinioetan?
-Gutxitan. Bertara joateko autoa behar da eta duela gutxi arte adingabekoa izan naiz. Hori dela eta, joan naizenetan lehengusuarekin edo beste lagun batekin joan naiz.
Oraingoan bakarrik joan zara eta mendikatea alderik alde zeharkatu duzu.
-Aspalditik nuen hori egiteko gogoa. Duela bi urte Beasaingo lagun batekin joan nintzen, bi asterako. Otsagin lagunak min hartu zuen eta ezin izan genuen jarraitu. Aukera izan bezain laster, itzuli egin naiz.
Uda honetan bakarrik joan zara, ordea.
-Ez nuen GR-11 delakoa osorik egiteko prest zegoen inor topatu. Bakarrik joateari ez nion garrantzia handirik ematen, baina eguna iritsi ahala larritu egin nintzen. Hala ere, joan egin nintzen.
830 kilometro egin zenituen 20 egunetan.
-Lehen etapak eta azkenekoak bigunagoak direnez, egun horietan kilometro egin nituen. Lehen bi egunetan, adibidez, 120 kilometro egin nituen guztira. Etapa motzena 22 kilometrokoa izan zen: Sallent de Gallegotik Panticosara. GR-11ko denboraldia hasi baino lehenago joan nintzen eta etapa horretan elur asko zegoen. Arriskutsu samarra zen, gainera. 15 kiloko motxila neraman eta zapatilak bakarrik eraman nituen. Hori dela eta, etapa hori poliki-poliki egin nuen.
Zapatilekin ibili al zinen elur gainean?
-Quechua batzuk ditut, oso gogokoak, eta horiek eraman nituen. Oso gustura ibili nintzen eta oraindik erabiltzen ditut. Ez ziren puskatu, naiz eta zola gastatu samarra duten. Kranpoi batzuk ere eraman nituen: nik egin nituen, aluminiozko txapa batekin, rotaflexarekin eta mailu batekin.
Ezustekorik ez al zenuen izan?
-Lehen egunetan, Euskal Herrian, bero handia egin zuen eta hankartea gorrituta nuen. Ezin izango nuela jarraitu uste nuen, baina giroa freskatu egin zen, ukendua jarri nuen eta osatu egin nintzen.
Zein izaten zen eguneroko plana?
-Hilabete bat beharko nuela uste nuen, baina ez nion nire buruari mugarik jartzen. Eguzkia irten bezain laster abiatzen nintzen eta listo.
Non lo egiten zenuen?
-Mendian lo egitea tokatzen bazen, kanpin-dendan lo egiten nuen. Ez nuen beldurra pasatzeko astirik: afaldu eta berehala, loak hartzen ninduen. Konturatu gabe pasatzen zen gaua. Herri batera heltzen banintzen, atari batean lo egiten nuen. Hiru egunetan aterpetxetan lo egin nuen, dutxatzeko eta telefono mugikorra kargatzeko. Etapa bakoitza bukatutakoan amari deitzen nion, baldintza hori jarri bai-tzidan joaten uzteko.
Hamabost kiloko motxila eraman zenuela esan duzu.
-Kanpin-denda, sua, arropa, ura, janaria...
Bidea jarraitzeko arazorik izan al zenuen?
-Aitaren mapa zahar batzuekin eta seinaleei esker, ez nuen arazorik izan.
Zein izan zen ikusi zenuen paraje ederrena?
-Añisclo. Arango bailara ere, Vielhako tuneletik Espotera, asko gustatu zitzaidan.
Datorren urtean nora joan erabaki al duzu?
-Lehengusuak Pirinioak bizikletan zeharkatu nahi ditu eta datorren urtean hori egingo dugu.
Ametsetako mendirik ba al duzu?
-Oraingoz ez. Egunen batean Mont Blanc mendia igo nahi dut, baina hortik gorakoek beldurra ematen didate.
Gipuzkoako txoko kuttuna. Aratz mendia izugarri gustatzen zait.
Paisaia idiliko bat. Igeldokoa.
Festa edo kultur ekitaldi bat. Legazpiko Santikutz Txiki jaiak. Parrandan egitea ere gustatzen zait eta Santikutz Txiki jaietan herriko jai nagusietan baino hobeto pasatzen dut.
Hondartza bat. Zarauzkoa.
Mendi bat. Esan bezala, Aratz asko gustatzen zait. Beste bat ere esango dut: Aiako Harria. Ez naiz sekula izan eta bertara joateko gogo handia dut.
G
ipuzkoatzen