BILBO. Gainera, telebistarako spot berria ezagutzeaz gain, irratietan entzun ahal izango diren iragarki laburrak (kuinak) entzun dira eta interneten erabiliko diren bannerrak ezagutu dira.

Ekimen hau HABOKAk bideratu du, Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak osatutako erakundeak. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde den Patxi Baztarrikak egin du aurkezpena, eta abestiaren egileak diren Dani Venegas eta Sorotan Bele taldeko Urbil Artola eta Gorka Sarriegi.

Baztarrikak adierazi duenez, ekimenaren helburu nagusia herritarrei euskara erabiltzeko gonbidapena da, eta horregatik sortu dute Txantxangorri abestia, Txantxangorria euskararen "sinbolo" bilakatzeko.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak aitortu duenez, euskara kalean gehiago entzutea lortu nahi da, "euskarak kalean lekua irabazteko". "Mugitzen dena, bizirik dago; beraz, euskara hitz egiten bada, bizirik jarraituko du", gaineratu du.

Bestalde, abestiaren egileek adierazi dute abestia egitearen arrazoi nagusia eta motibazioa lantzen duen gaia izan dela, euskara, hain zuzen. Dani Venegasek esan duenez, abestiaren letra "ikaragarria" da.

HAKOBA

Halaber, HAKOBAko kideak ere gerturatu dira aurkezpenera: Arabako Euskara, Kultura eta Kiroletako foru diputatua den Igone Martinez, Bizkaiko Euskara zuzendari Ana de Castro, Bilboko Udaleko Euskara zinegotzi Koldo Narbaiza eta Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzi Iñaki Prusilla, hain zuzen.

Ana de Castrok ziurtatu du Bizkaian euskara "gero eta leku gehiago" hartzen ari dela eta euskara "lau haizeetara" zabaldu behar dela. Halaber, euskarari lekua eman behar zaiola adierazi du, "edozein lekutan bada ere".

Beraz, Euskararen Txantxangoarriaren ekimenekin, baina, batez ere, abesti berriaren aurkezpenarekin, herritarrei gonbidapena egitea bilatzen da, euskaraz ondo dakitenentzat, zein euskaraz ulertu bakarrik egiten dutenentzat, eta herri erakundeetako bulegoetan, era guztietako eraikin publikoetan, garraio erbitzuetan, osasun zerbitzuetan zein unibertsitatean euskara presente izatea.

Sorotan Bele musika taldean izandako musikariak, Urbil Artola eta Gorka Sarriegi, Dani Venegas musikariaren lankidetzarekin sortutako abestia jada, www.euskararentxantxangorria.eus helbidean deskargatzeko aukera dago.