DONOSTIA. Jesus Maria Santos Astigarragako alkateak eguerdiko 12:00etan Sagardoetxean ospatuko den aurkezpen ekitaldian uzta berria aurkeztuko du, eta sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarrien berri eman, sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenekin batera.

Urtero bezala, ekitaldiko unerik garrantzitsuena txotx irekierakoa izango da. Hernaniko Zelaia sagardotegian "Gure Sagardo Berria" oihu egingo du Aritz Aranburu surflariak lehen kupela irekitzean, eta honekin batera, sagardo denboraldi berria irekiko da.

Aldez aurretik, Sagardoetxeako sagastian sagarrondo berri bat landatuko du Aranburuk. Ekitaldi sinboliko honekin, naturaren dinamikotasuna eta berritzeko ahalmena azaldu nahi dira, urtetik urtera mahai batean sagardoaren bueltan esertzeko aukera eskaintzen baitu.