orio - Patxi Oliden Danbolin oriotarra surf oholak egiten hasi zen 70eko hamarkadan. Oraindik ez zen surfaren urrezko garaia heldu, baina Itxas Tresna izena eman zion bere markari. Surfaren munduan aitzindari izan da Oliden, eta joan den abenduan, Orioko Surf Elkarteak omenaldia egin zion. Horretaz gain, elkarteak Itxas Tresna marka erabiliko du aurrerantzean. Hori gutxi ez balitz, 92 urte dituen arren, Danbolin ez da geldirik egotekoa, eta egunero-egunero musika partiturak sortzen ditu; hain zuzen, gaur egun 8.363 partitura ditu.

Surfaren munduan egindako lanagatik Orioko Surf Elkarteak omenaldia egin zizun. Nola hartu zenuen berria?

-Ustekabean hartu nuen berria. Beharrak eraginda hasi nintzen surf oholak egiten, eta inoiz ez nuen pentsatuko gaur egun duen indarra hartuko zuenik surfak.

Surfak gaur egun duen arrakasta nabarmena da, baina 70eko hamarkadan ez zen oso kirol arrunta izango. Nolatan hasi zinen surf oholak egiten?

-Ni mekanikoa nintzen baina poltsiko aldetik nahiko neurtua egon izan naiz beti, eta lan horrekin ez nuen bizitzeko nahiko. Egun batean Donostiara joan nintzen, eta Kale Nagusian surf taula bat ikusi nuen, eta nire buruari esan nion: “Eta hi surf oholak egiten hasiko bahintzake?”. Pentsatu eta egin. Ordurako plastikoa manipulatzen ikasita nengoen, han zegoen tabla erosi nuen, hori oinarritzat hartu eta horrela hasi nintzen. Bestalde, Orioko hondartzan jendea surfean ikusten nuenean, halako irrika atsegin bat sentitzen nuen, eta horrelaxe, besterik gabe hasi nintzen.

Surf taulak zu zeu saltzen hasi zinen, ezta?

-Bai, hala da. Nire tailerrean hasi nintzen taulak egiten eta denek taulak erosi ahal izatea zen nire asmoa, ez nuen nahi aristokraziarentzako kirola soilik izatea. Bertako mutilek, eta ni bezala poltsikotik neurtuak zeudenek, kirol hori egin ahal izatea nahi nuen. Beraz, taula hutsak egiten hasi nintzen erositako oholarekin moldeak eginez.

Eta gero taulak foanarekin egitearen ideia eman zizuten...

-Ordu asko eramango zizkidala pentsatu nuen, baina hala ere oholak foanarekin egiten hasi nintzen. Lehen taula sei ordu eta erdian egin nuen, eta pentsatu nuen: “Nahiko azkar egin duk!”. Gero, martxa hartu eta ordu eta erdian egiten nituen. Horrela, astean sei taula egiten nituen.

Surfeko tablak egiteaz gain, beste lanik ere egin izan duzu?

-Surf oholak egiten hasi baino lehen mekaniko ikasketak eginak nituen eta lanean jardun nintzen. Geroago, irakasle ere izan nintzen Lanbide Eskolan. Hala, oposaketak egitea proposatu zidaten eta 58 urterekin Tarragonan izan nintzen azterketa egiten. Denak asmatu nituen eta oposaketak ondo etorri zaizkit, orain, jubilazioan, ondo irabazten det eta. Lanbide Eskolatik nire bila etorri zirenean eta lana eskaini zidatenean, dena utzi nuen.

Eta mekaniko, irakasle eta surf taula egile izateaz gain, musika sortzaile ere bazara...

-Bai, sei urte nituenerako dagoeneko abesten nuen, eta orduan ez zegoen Musika Eskolarik baina beti izan dut entzumen fina. Eta 65 urterekin jubilatu nintzenetik, ez dut geldirik egon nahi izan, nik ekintza behar dut. Horrela, nire ilobak lagundu egin zidan, eta ordenagailua erabiltzen hasi nintzen. Egun, 8.363 partitura ditut eginak eta Orioko Musika Eskolara emanak dauzkat.

Gainera, Orioko Musika Eskolak Danbolin izena du zure omenez. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

-Ohore handia da niretzat. Dena den, musika lehiaketa batera aurkeztean izan nuen nire bizitzako pozik handiena. Kazetari batek hau esan zidan: “Zorionak! Banekien Orion arraunean ondo egiten zela, baina ez nekien horrelako gauza onak egiten zirenik”. Hori ez dut sekula ahaztuko.

Zer egiten duzu zure egunerokoan?

-Musika egiten dut, elizako liburutik testuak hartu eta horiei musika jarri. Eta gorputzak laguntzen didan bitartean, halaxe jarraituko dut.

Gipuzkoako zure txokorik kuttunena. Oso zaila da bat esatea, baina Donostia esango dut. Jainkoak egin zuen paradisua da.

Paisaia idiliko bat. Inpresio handia egin zidan behin Herniotik ikusten zen paisaiak. Behe lainoa zegoen eta mendiak itsasoan egongo balira bezala ikusten ziren.

Mendi bat. Hernio.

Hondartza bat. Kontxa eta Orioko lehengo hondartza; izan ere, orain Orioko hondartzaren izaera erabat aldatuta dago.

Festa bat. Orain alerik ere ez, baina gaztetan denak!

G

ipuzkoatzen