Donostia - Filologia Euskal Herrian, baina itzultzaile goi-ikasketak Estatu Batuetan egin zituen Nerek. Nevadako Unibertsitatera, 1988an iritsi zen euskara irakasle eta geroztik Iowakoan ikasketak sakondu eta Boisen bukatu zuen, gaur egun BSUko (Boise State University) Basque Minor (euskal ikasketetan espezializazio) titulu eta saileko koordinatzaile eta associate professor den honek.
Duela hamar bat urte sortu zen egun zuzendari zaituen saila, BSUren baitan.
-World Languages edo Munduko Hizkuntzen Departamentuaren barruan gaude kokatuta, eta gure Basque Minora bezala daude Chinese Minor, Arabian, French, Spanish eta beste Minor batzuk. Gurean euskara eskolak eskaintzen ditugu, euskal historia eta kultura klaseak, literatura? Gure lanaren parte da, esaterako, Euskal Herriko jende asko harritzen duen zerbait: hemen oso normala da asteburuetan klaseak ematea, larunbat eta igandetan 9etatik 5etara, kreditu bat lortuz. Horrek aukera ematen digu Estatu Batuetako beste unibertsitate batzuetan euskal gaietan espezializatuta dauden irakasleak gonbidatzeko. Honelako 16 bat ikastaro eskaintzen ditugu urtean. Gaiak anitzak dira oso eta beti Unibertsitateko beste departamentuekin gurutzatuta antolatzen ditugu, gaia euskal kooperatibak badira, ekonomia sailarekin, beste batzuetan antropologia, soziologia, genero ikasketak, zinea, antzerkia edo enpresa ikasketa sailekin. 600 eta 700 ikasletik gora ere izaten ditugu urtero.
Koordinazio lanez gain, itzulpengintza eta literatura dira gehienbat zure arloa. Azken urte hauetan euskal idazleak eta euren obra(k) gero eta gehiago ari dira ateratzen nazioarteko zirkuitoetara.
-Argi dago itzulpengitza oso garrantzitsua dela edozein hizkun-tza eta literaturarentzat eta bereziki hizkuntza gutxituentzat, posibilitate guztiak zabaltzen baitizkie gainerakoen parean publikoarengana iristeko, egon zitezkeen hizkuntz ezagutza mugak gaindituta. Pauso ederrak eman dituzte hor euskarak eta euskal literaturak.
Bernardo Atxagaren bi ipuin ingeleseratuz hasi zenuen itzultzaile ibilbidea.
-Titulua ateratzen ari nintzela Iowan, Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian eta Sugeak txoriari begiratzen dionean itzuli nituen eta jardun horretan topatu nituen koxka eta arazoei buruz idatzi nuen. Itzulpenak, urte batzuk geroago, Nevadako Unibertsitateak argitaratu zituen.
Euskal Herrian, zabaltzear dago ordu gutxiren buruan Durangoko Azoka. Uste dut zuk egindako lan berririk atopatu ahal izango dela bertan.
-Nevadako Unibertsitateak argitaratu berria du Hamabost egun Urgainen-en ingelesezko edizioa, neronek itzulia. Beti atsegina iruditu izan zitzaidan eleberri hori, euskaraz idatzitako lehenengo polizi nobelaren ospea duena, egilea gainera, Jose Antonio Loidi, Errenteriakoa zelarik, neu bezala. Familiak erraztasun guztiak eman zizkidan eskubideei dagokienez -euren harrera eskertu beharrean nago- eta hortxe egongo da, Fifteen days in Urgain izenpean. Badago beste liburu bat ere, baina ez didate ziurtatu Azokarako egongo den ala ez, Gema Lasarte EHUko irakaleak koordinatutako liburu bat da, emakumeek idatzitako ipuinak dira, amatasunaren ingurukoak. Euskaraz Ekografiak zuen izena eta ingelesez Ultrasounds bihurtu da.