Donostia. Kainoikada entzun ostean, tradizioak agintzen duen moduan, donostiar ugari Alde Zaharrera abiatu ziren txistularien bandaren kontzertua entzutera. Aurtengoak gainera, puntu berezia izan zuen, Jose Ariztimuño Olaso, Ai-tzolen fusilamenduaren 75. urteurrenaren omenaldia ospatu baitzuten Donostiako Konstituzio plazan. Berak bultzatutako euskal pizkundea gogoan izan zuen ekitaldiak.

Eguraldiak lagunduta, ehunka pertsona inguratu ziren Konstituzio plazara, XX. mendearen hasieran euskara eta euskal kultura berpizteko hainbeste ahalegin egin zuten gizon-emakume haiek gogora ekar tzeko. Hori dela eta, kontzertu berezia izan zen txistularien emanaldiaren 34. edizioa eta hunkigarria ere gertatu zen bildutako askoren-tzat.

Jose Ignazio Ansorenak zuzendutako txistulariek, hasteko, Mendigoizaleak izeneko obra oldartsua jo zuten, Aita Hilario Olazaranek sortuta. Pizkundeak behar zuen gazte garbi, langile eta bizkorraren eredu bihurtu zen garai hartan mendigoizalearen irudia.

Jarraian, Maialen Lujanbiok hartu zuen mikroa, bertsotan, Aitzol eta euskal pizkundea zer izan ziren agertzeko. Pizkundeak argia sortu zuen iluntasuna zegoen lekuan. Etorkizun beltza iragartzen zitzaion kultura euskaldunari baina berehala bere beharraz jabetu ziren eta zabaltzen joan zen.

Ekitaldiaren seriotasun puntua arintzeko Paristik datorren artistarekin kantatzera animatu zen publikoa eta txaloak banatzen ez zen zuhurra izan. Leire Erbiti gaztea taula gainera abestera igo zenean jaso zituen batzuk, baita Villabonako Oinkari eta Berastegiko Belauntxingo dantzari taldeek ere, pizkundea bera dantzan jarri baitzuten.

olerkiak

Leteri txaloak

Yon Oñatibiaren jaiotzaren mendeurrena betetzen dela eta txistularia, organo jotzailea eta konpositorea ere gogoan izan zuten kontzertuan. Baina une hunkigarriena ondoren heldu zen: Lizardi eta Lauaxetaren kantak abestu zituen Antton Valverdek agertokian eta ondoren Maitasunez hil kanta ere bai, Xabier Leteren hitzekin. Txalo zaparrada eskaini zion publikoak iaz hildako poeta oiartzuar handiari.

Lujanbiok zabaldu zuen emanaldia eta kontzertua ixteko ardura ere berea izan zen, nola ez, bertsotan.